Zazpi urtetan jarraian Euskal Herriko Kopako finaletan izan ondoren Urbat aurten kanpoan geratu da
Ez gaude ohituta azken asteburuan Urbat-Urkotronikeko taldeek izan dituzten emaitzetara, gehienetan justu kontrakoa eman delako, talde guztiak garaile izanda. Emakumezkoen senior mailako Kopako final-laurdenetan Urbat-Donostik 7-20 galdu zuen Kopa irabazteko hautagai nagusia den Askartzarekin. Gizonezkoetan izan zen sailkatzeko gertuen Urbat taldea, partidu ona eginda (“gehiago ere merezi izan zuten”, eibartarren teknikoek diotenez) azkenean 11-10 galdu zuelako Iruñean Waterpolo Navarra B taldearekin.
Ligako partiduei dagokienez, bestalde, kadeteetan eibartarrek 11-5 galdu zuten Askartzarekin Leioan; hala ere, liga ona egiten dihardu talde horrek. Haurren Ligan Urbatek 3-11 galdu zuen Larrainarekin; hor kontuan izan behar da eibartarrak lehen urtekoak direla eta beste taldearen jokalariak urtebete nagusiago direla. Azkenik, Eskolarteko Ligan, Urbat Urkotronik-ek 2-4 galdu zuen Lautadarekin; hor ere, Eibarko jokalari guztiak alebin mailakoak izanda, asko igartzen da gorputzetan dagoen alde hori.