Zeharkaldi ahantzezina izan zuten zapatuan Deporreko mendizaleek
Olaztitik irten eta, hogei kilometroren bueltan, Etxarri-Aranatzen amaitutako irteeraren berri eskaini digu bertan parte hartu zuen Antxon Narbaizak. Zapatuan, otsailaren 8an, egindako zeharkaldiaren kontakizuna da honakoa:
Olaztitik irten eta, Altsasutik datorren bidearekin egingo dugu bat. Urbasara doan errepidearekin batera, egingo dugu gorantz. Bada, errepidea erreferentzia hartuta, gorantz goaz; lau kilometro ibili ondoren, utzi egingo dugu errepidea eta bidez bide bagoaz Urbasarantz. Mendikatearen iparralderantz goaz, harripilak jarraituz. Elur geruza politta dago, izotz kandelak ere hasi gara ikusten. Une batez, eskuin aldera bira eta gainean gaude. Ikuspegi zoragarria ezker-eskuin. Elur berriak dotoretu egin ditu mendirik garaienak.
Bosgarren kilometroa pasatu eta harkaitz artean Bargagaineko gailurra ukitu dugu (1153 m.). Gainez gain goaz naturaren kapritxoak dastatzen. Elurra zuhaitz tantaiei lotzen zaie, izotz kandelak ere tinko daude arbola eta etxolen magaletan. Gure botek narrasten dute apur bat Naturaren betetasuna baina... guk ere festaz gozatu nahi dugu!
4,7 km. Olaztiko mugaren zartaduran gaude. Urbasaren ikuskizunaz gozatzen ari gara. Hurrengo tontorra Txuripunta (1133 m.) izan da. Jarraian Hiruaitzeta gainditu dugu.
Bederatzi kilometroak bete ondoren Santa Marinako baseliza aurkitu dugu: 1.000 metrotik gora goaz. Aterpetxean boluntario jator batek beheko sua piztu berri du. Epeltasuna badator. Sakana alderako ikuskizuna ederra da: Bakaiko, Iturmendi, Altsasu eta Etxarri-Aranatz gure jomuga.
Hamabigarren kilometroan, Maiza igo dugu, gure gaurko gailurrik garaiena: 1.182 m. Aurrez aurre Beriain-San Donatoren branka izugarria ederretsi dugu. Laster, ezker aldetik ateratzen zaigun bide-pista hartuko dugu: beherantza goaz Etxarrirantz.
Hamabosgarren kilometroa pasatu ondoren, bidegurutze batek esango digu Bakaikoara doan bidea ezkerrean utzi eta Etxarrirantz jotzeko. Basatzan goaz, zeharkaldiaren punturik desatseginena. Baina pagadiek eta, ariztiek gero, lasaitasuna ematen digute.
Hogei kilometroren bueltan Etxarri-Aranatzeko kaleak zapaltzen ari gara. Zeharkaldi ahantzezina.