Zehaztuta Itzulia Basque Country 2024ko edizioan parte hartuko duten 24 taldeak
Apirilaren 1etik 6ra arte jokatuko den Itzuliaren 63. edizioan, UCI World Teams-eko 18 taldeek hartuko dute parte. Hortik aparte, gonbidapena jasotzeko eskubidea duten taldeen artean, UCI Pro Teams 2023ko sailkapena kontuan hartuta, TotalEnergies izango da Itzulia 2024an. Eta, aurrekoez gainera, antolakuntzak beste bost talde gonbidatu ditu: Burgos-BH, Caja Rural-Seguros RGA, Equipo Kern Pharma, Euskaltel-Euskadi eta Q36.5 Pro Cycling Team. Bestalde, UCI World Teams-eko taldeak honakoak dira: Alpecin-Deceuninck, Arkea-B&B Hotels, Astana Qazaqstan Team, Bahrain Victorious, Bora - Hansgrohe, Cofidis, Decathlon AG2R La Mondiale Team, EF Education - Easypost, Groupama-FDJ, Ineos Grenadiers, Intermarché - Wanty, Lidl-Trek, Movistar Team, Soudal Quick-Step, Team DSM-Firmenich Postnl, Team Jayco Alula, Team Visma I Lease A Bike eta UAE Team Emirates.
24 talde horiek Itzulia Basque Countryko 63. edizioan aritu eta apirilaren 6an Eibarko podiumeko posturik altuenera igotzeko lehiatuko dira. Julian Eraso OCETAko presidentearen hitzetan, “Itzuliak nazioarteko tropeleko txirrindularirik onenak izango ditu, aurreko urteetan bezala. Ikuskizuna aurreko edizioetan izandakoaren parekoa izatea espero dugu. Halaber, pozten gara gonbidatu ditugun etxeko eta estatuko taldeak gurekin berriz ere izateagatik. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu UCI ProTeams mailako taldeei aukera ematea handiekin borrokatzeko eta aurpegia emateko gai direla erakusteko”.