Zezenzaleei lokalik ez ematea eskatzeko elkarretaratzea egingo da astelehenean
Eibarko Pedrucho zezenzaleen lagunarteari udal-lokal bat lagatzearen kontra azaldu da Podemos Euskadi, baina asteleheneko batzordean onartu zuten tokiko gobernuaren proposamena, hau da, 75 metro karratuko lokal bat hamar urterako doan lagatzeko eskaera plenora eramatea. Horren kontra azaltzeko, astelehenean elkarretaratzea egingo da, 18:30ean Untzagan, Osoko Bilkuraren aurretik. Zezen-biden, Andretxea izan zena lagatzeko proposamena martxoaren 14an onartu zen, “zezen-lagunarteak berak eskatutakoari erantzunez, eta Kulturako arduradunak aldeko txostena aurkeztu ostean”.
Isabel Fernandez Pejenaute Podemos-eko bozeramaileak salatu duenez, “Irabazi Asmorik Gabeko Elkarteen Erregistroan inskribatu eta bi hilabete eskasera onartuko dute”. Lokala lagatzeko arrazoirik ez dute ikusten: “Ezin da onartu udal-lokal bat esleipen bidez zezenzaleen elkarte bati doan ematea, are gutxiago denok dakigunean Eibarren aspalditik ez dela zezenketarik egiten”.