Zilarrezko Mailako Mek Eibar Eskubaloiak neurketa zaila izango du Bilbon

San Adrian taldearen aurka jokatuko du zapatu arratsaldean
Zilarrezko Mailako Mek Eibar Eskubaloiak neurketa zaila izango du Bilbon
2024/03/14 20:00
eta kitto!

Zapatu arratsaldean, 18:30etik aurrera, San Adrian eta Mek Eibar Eskubaloia taldeen arteko partidua jokatuko da Bilbon. Ipuruan galdu ondoren, Andoni Perezek zuzentzen duen taldeak erronka ezin zailagoa izango du aurrean, laugarren sailkatuari egin beharreko bisitan. San Adrian taldea bere defentsa sendoagatik nabarmentzen da, defentsan 5:1 eta 6:0rako trebezia bereziarekin, eta kontraerasora azkar irteten den taldea delako. Erasoari dagokionez, taldeak baloiaren zirkulazio ona erakusten du eta kanpoko joko sendoa du; horrez gain, desorekatzeko gai diren jokalariak ditu, banan-banan.

Mek Eibar Eskubaloia taldearentzat neurketa presiorik gabe jokatzeko modukoa da, aurkari indartsu baten aurrean puntuak lortzeko beste aukera zail bat. Ezinbestekoa izango da jokalekura konplexurik gabe eta %100ean ateratzea, edozein aukera aprobetxatuz garaipena lortzen saiatzeko.