Zuhaitz Gurrutxagak FutbolisTOC ikuskizuna eskainiko du maiatzaren 3an

Elgoibarko futbolari ohiak bere kirol ibilbidean izandako bizipenak eta anekdotak umorez kontatuko ditu
Zuhaitz Gurrutxagak FutbolisTOC ikuskizuna eskainiko du maiatzaren 3an
2024/04/18 12:41
eta kitto!

Goi-mailako futbolaria izan ondoren, goi-mailako umoregilea bihurtu da Zuhaitz Gurrutxaga. Aktore eta bakarrizketari bezala ikusi dugu hainbatetan, eta orain FutbolisTOC ikuskizunarekin datorkigu maiatzaren 3an, 20:00etan, Coliseo antzokira.

Realeko jokalari ohiak bere kirol ibilbidean izandako bizipenak eta anekdotak kontatuko ditu, eta baita NOC (Nahasmendu Obsesibo-Konpultsiboa, gazteleraz TOC) izeneko gaixotasuna ere, lehen mailako futbolari bihurtu zenetik jasa zuena.

Gai hauek guztiak umorez jorratuko ditu, eguneroko gorabeherak eta problemak erlatibizatzeko, nork bere buruaz barre egitea baino modu aproposagorik ez dagoela erakusteko asmoz.

 

Sarrerak erosteko

Sarreren prezioa 10 eurokoa izango da (7 euro Coliseoaren Laguna txartela dutenentzat), eta aldez aurretik erosi ahal izango dira Coliseoko leihatilan, astelehen eta barixakuetan, 17:30etik 19:30era; leihatilan bertan, ikuskizunaren egun berean, saioa hasi baino ordubete lehenago; edo Kutxabank bitartez.