Zumba maratoi solidarioa jasoko du zapatuan Errebal Plazak
Zumba 90. hamarkadan Alberto ‘Beto’ Perez kolonbiarrak sortutako fitness diziplina bat da, errutina aerobikoak dantza mugimenduen bidez lantzen dituena. Zumba saio bakoitzak onura ugari eskaintzen dizkio ariketa egiten duenari eta, Zumbatoiaren bidez, onurak beste pertsona batzuei iristen zaizkie, izaera solidarioa duen ekimena delako.
Zumbatoiak, zumba maratoi solidarioak, 7. edizioa beteko du aurtengoan. Nerea Blasco eibartarrak bultzatutako ekimena da, zumba titulua atera zuenetik. Izan ere, lizentzia hori edukitzeagatik zumbatoi solidarioak egiteko aukera zegoela jakinarazi zioten eta, esan eta egin, gurean horrelakoak antolatzen hasi zen.
Urte batzuk geroago KAXA mugimendu eta sormen guneko neskak batu zitzaien zumbatoiaren antolakuntzan. “Horrelako ekimen bat antolatzeko gogoa genuen eta ikusi genuen dagoeneko herrian bat egiten zela. Beraz, Nerearekin harremanetan jarri eta indarrak batu genituen”, esan digu KAXAko Marta Prolek. Orain, hasi zenetik zortzi urte pasa direnean (2020an ezin izan zen egin pandemiarengatik), herrian egonkortuta dagoen egitasmoa da eta lagun ugari biltzen ditu urtero.
Zumba nahieran
Hasierako ekitaldiak Astelena frontoian egin zituzten, Ipuruako kiroldegian ere izan dira, eta iaz Errebal Plazara pasa zuten. Aurten ere bertan egingo dute, zapatuan bertan, 10:30etik 12:30era.
Nerea Blascok, bere zumba klaseetako ikasle batzuk (Gainberrikoak) eta KAXAko neskek gidatuko dute saioa eta Esti Curiel aktorea arituko da aurkezle lanetan. Dantzari dagokionez, Prolek esan digu edonork egiteko moduko dantzak izango direla eta, gainera, bakoitzak nahi beste dantza egin dezake: ordu biak, ordubete, 10 minutu ala dena delakoa.
Musika gabe dantza gauza berdina ez denez, Arno DJ-a egongo da goiza girotzen dantza egiteko musika erritmo egokienak jartzen. Gainera, zumba maratoia egiten laguntzen duten enpresa eta negozioek hainbat gauza zozketatuko dituzte goizean zehar.
Sarrerak aurretik edo bihar bertan
Aurreko edizioetan jende ugarik hartu du parte zumba maratoi solidarioan eta sarrera mugatuak jarri dituzte salgai. 10 euro ordaindu beharko dira Zumbatoian parte hartzeko (10 urtez azpikoek ez dute ezer ordaindu beharko) eta gaur edo bihar erosi daitezke.
Gaur edo bihar eskuratu nahi izanez gero, KAXA gunean (Jose Antonio Gisasola, 4), Ibone estetikan (Romualdo Galdos, 10) eta Helmet Housen (Blas Etxebarria, 1) erosi daitezke. Bestela, zapatu goizean Errebal Plazan ere egongo da sarrerak erosteko aukera.
Badago, ostera, lagundu nahi baina ekitaldira joan ezin den jendea edo dantza egiteko aukerarik ez duena. Eurek ere, lagundu nahi izanez gero, sarrerak erosi ditzakete, azken finean izaera solidarioa duen ekimena delako.
Diagnostikatu Gabeko Gaixotasunen Kaltetuen Elkartea
Zumba maratoiak izaera solidarioa du eta, lehenengo edizioan ezik beste guztietan egin den bezala, ekimenean jasotako diru guztia Diagnostikatu Gabeko Gaixotasunen Kaltetuen Elkarteari (AFESD) emango diote.
2016ko apirilean jarri zen martxan diagnostikatu gabeko gaixotasunak dituzten Eibarko umeen elkartea. Gizarte segurantzak hartzen ez dituen tratamenduak behar dituzte haur hauek: fisioterapia, hidroterapia, logopedia, naturopatia..., eta elkarteko gurasoen helburua gastu horiei aurre egiteko dirua lortzea da.
Zumbatoian parte hartzeaz gain edo bertan egon ezin bazara baina lagundu nahi izanez gero, elkartearekin zuzenean harremanetan jartzea da egokiena. Horretarako, Facebooken orria dute (@afesdeibar) eta baita helbide elektronikoa ere (afesd@outlook.es).