Zurrumurruen kontrako agenteak trebatzeko tailerrak eskainiko dira urrian Portalean

Zurrumurruen kontrako agenteak trebatzeko tailerrak eskainiko dira urrian Portalean
2013/10/01 00:00
eta kitto!

Gaur (martitzena, hilak 1) aurkeztu dituzte Portalean Udaleko inmigrazio zerbitzuak eta SOS Arrazakeriak erakundeak elkarlanean antolatu dituzten Zurrumurruak argitzeko tailerrak. Ana Rodriguez Fouz Gizartekintzako zinegotziak, Gorka Errasti Inmigrazio Teknikariak eta Silvana Luciani SOS Arrazakeria Gipuzkoako presidentak egin duten aurkezpenean esan dutenez, "etorkinekiko dauden jarrera negatiboak moduren batean leuntzeko, gizartean zabalduta dauden estereotipo eta zurrumurru faltsuekin amaitzea beharrezkoa da. Horregatik, Kataluniako esperientzia abiapuntu modura hartu dugu eta tailerrak zurrumurru, aurreiritzi eta estereotipo horiei aurre egiteko tresnak lantzeko egituratu dira. Hau da, egunero inmigrazioari buruzko zurrumurruak entzuteaz nazkatuta daudenei horiei modu egokian erantzuteko tresnak eta formakuntza eskaintzea da tailerren helburu nagusia".
Programari jarraituta lau saio izango dira guztira (urriaren 9, 16, 24 eta 28an, 18.00etan) eta Portalea Kultur Etxean (ikastaro gelan) emango dituzte. Plazak mugatuak dira eta, beraz, parte hartu nahi duenak aurretik izena eman beharko du, Udaleko Inmigrazio alorrera deituta (943708440) edo emaila inmigrazioa@eibar.net helbidera idatzita.
Lehen saioa urriaren 9an izango da eta Begiruneko Xabier Aierdi soziologoak emango du. Hilaren 16an SOS Arrazakeriako Agustin Unzurrunzagak jardungo du, hilaren 24an Kataluniako esperientzia Raquel Moreno Bartzelonako Xarxa Antirumors-eko ordezkariaren ahotik jasotzeko aukera izango da eta, amaitzeko, hilaren 28an erreflexiorako jardunaldia antolatu dute.

Egitaraua
- Urriak 9, eguaztena: Kulturak eta identitateak. Aurreiritziak, estereotipoak eta zurrumurruak. Xabier Aierdi (Begirune).
- Urriak 16, eguaztena: Zurrumurruei erantzuten. Agustín Unzurrunzaga (SOS Arrazakeria).
- Urriak 24, eguena: Zurrumurruak kudeatzeko komunikazio eta emozio estrategiak. Raquel Moreno (Xarxa Antirumors Barcelona).
- Urriak 28, astelehena: Zer egin dezakegu Eibarren zurrumurruen aurka? (SOS Arrazakeria).