Atzo jaso zuen Julen Zabaletak Gure Balioak 2018 Saria

Atzo jaso zuen Julen Zabaletak Gure Balioak 2018 Saria
2018/10/26 eta kitto!
Atzo arratsaldean jaso zuen Julen Zabaleta Barrenetxea marrazkilariak Gure Balioak Saria 2018, Debegesa Garapen Agentziak, Mallabiko Udalarekin batera eta DanobatGroup enpresaren laguntzarekin, antolatu zuen ekitaldi hunkigarrian. Sari-banaketa ekitaldis Mallabiko pilotalekuan egin zen eta saridunaren senitarteko eta lagun ugari bildu ziren bertan, 100 bat lagun, horien artean, Mallabiko eta Ermuko alkateak, Igor Agirre eta Juan Carlos Abascal. Mallabiko “Lagun Artean” taldeko neska-mutilek zabaldu zuten ekitaldia, Igone Amestiren zuzendaritzapean, “Baratze bat” kantatuz. Ondoren, Jose Antonio Azpiazu historialari eta antropologoak hitzaldia eman zuen, Julen Zabaletaren obra oparoaren balioa azpimarratuz eta artistaren marrazki sorta batek lagunduta. Jarraian, aurtengo Gure Balioak Sariaren epaimahaiko bi kidek epaimahaiaren erabakiaren irakurketa egin zuten. Epaimahakideek Julen Zabaletaren “talentu, ekimen eta izaera altruista” azpimarratu zuten; “beti prest bere ilustrazio lanak behar izan dituzten pertsona eta erakundeekin kolaboratzeko eta bere ekarpena egiteko”. Halaber, Zabaletaren lana goraipatu zuten, “balio artistiko eta kultural handikoa; bere obraren bidez, Debabarreneko eta, oro har, Euskal Herriko aberastasun historiko eta arkitektoniko oparoa ikus daiteke, baita geure herriek bizi izan duten eraldaketa ere”. Azkenik, epaimahaiak artistaren “lan isil eta etengabekoa, sormena, eskuzabaltasuna eta aldarte ona” nabarmendu zituen.
Julen Zabaletak iaz errekonozimendu hauxe bera eskuratu zuen Felix Etxeberriaren eskutik jaso zuen saria, Baroja Collet Debabarreneko artistaren brontzezko artelan bat, “Balioen artikulazioa” deritzona, espresuki sari honetarako sortua. Esker oneko hitzak izan zituen Zabaletak saria jaso ostean eta, besteak beste, Hortensia San Martin emaztea izan zuen gogoan.

Ekitaldirako prestatu zuten bideoa ikus dezakezue jarraian:

https://youtu.be/9Gpy7KMTbFc