Bigarren eskuko bizikleta azoka egingo da zapatu goizean Untzagan

0    Berriak, Eibar 
Silbia
Bigarren eskuko bizikleta azoka egingo da zapatu goizean Untzagan
2018, Ira 18

Aurten ere Eibarko Udalak Mugikortasunaren Europako Astearekin bat egin du eta, horretarako, “Konbina ezazu eta mugi zaitez” goiburuari jarraituta, hainbat ekimen antolatu ditu Ingurumen Sailak. Bihar, 18:30ean, Marisol Garmendia Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolamenduaren diputatuak Portalean hitzaldia emango du, mugikortasunaren esparruan Diputazioan garatzen ari diren politika eta jarduerak azaltzeko. Eguenean, berriz, UNI Eibar Ermua BHI-koen eskutik “Mugikortasun Jasangarriaren Martxa” abiatuko da ikastetxetik, Untzagan amaitzeko. Eta barixaku arratsaldean Untzaga plazan umeentzako jarduerak egongo dira, 16:00etatik 20:00etara. Besteak beste, bide-segurtasuna lantzeko zirkuitu bat jarriko dute martxan eta nahi duten neska-mutikoek aukera izango dute bizikleta gainean euren trebetasunak probatzeko. Horrekin batera “Eko-bike” eskulan tailerra egongo da martxan.

Bigarren eskuko bizikleta azoka zapatuan

Mugikortasun Iraunkorraren Europako Asteko egun nagusia, baina, zapatua (irailaren 22a), “Autorik gabeko eguna” izango da. “Hiria, nire autorik gabe!” goiburuari jarraituz, egun horretan behintzat automobilik ez erabiltzera Udalak animatu nahi ditu herritarrak. Horretarako, bai Udalbusa bai Taxi-busa doan izango dira. Gainera, Untzaga plazan, 10:00etatik 14:00etara, bigarren eskuko bizikleten azoka egongo da martxan. Azoka horretan, gordailu sistemaren bidez, adinez nagusiak direnek bakarrik parte hartu ahal izango dute. Nahikoa izango da azokara saldu nahi diren bizikletak edo objektuak egunean bertan eramatea, goizeko 9etatik 10etara. Objektu horiek gordailu-zerbitzuan geratuko dira erregistratuta saltzaileak egoki deritzon prezioarekin, eta salgai jarriko dira. Nahi adina objektu laga daitezke gordailuan. Antolaketaren taldea arduratuko da hura zaindu eta saltzeaz, merkatua zabalik dagoen bitartean. Arratsaldeko 14:00etan, saltzaileak azokara itzuli beharko dira, salmentaren zenbatekoa jasotzera edo saldu ez diren objektuak jasotzera.  Zerbitzua doakoa da eta ez dira onartuko 400 €-tik gorako prezioak. Informazio gehiago nahi duenak 943670249 telefonora deitu dezake. Gainera, bizikletak konpontzeko doako tailer bat zabalduko dute, nahi duenarentzat. Eta barixaku arratsaldean eta zapatu goizean bizikleta elektrikoa probatzeko aukera izango da. Egitaraua biribiltzeko, domekan, Bikeibarrek antolatuta, aspaldiko bizikleten erakusketa bisitatu ahal izango da Untzagan, 10:00etatik 14:00etara.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »