Eibar Ibilixan ibilbide osasuntsuen sarea aurkeztu dute

Eibar Ibilixan ibilbide osasuntsuen sarea aurkeztu dute
2016/11/05 11:50
eta kitto!
Eguneroko bizitzan ohitura osasuntsuak sustatu eta jarduera fisikorako aukerak zabaltzeko asmoz, Eibar Ibilixan ekimena ipini dute martxan udaleko Ingurumen eta Kirol sailek elkarlanean, Eibar Martxan proiektuaren baitan.
Jon Iraola Ingurumen zinegotziak eta Felipe Zamakola Kirol Patronatuko zuzendariak atzo goizean aurkeztu zuten Eibarko ibilbide osasuntsuen sarea. Horren harira, hiru ibilbide zirkular diseinatu dituzte. Lehenengo zirkuitua 'erraza' da, San Juan-Amaña-San Juan ibilbidea egiten du (3.700 metro) eta kolore urdinez markatu dute. Zirkuitu 'ertainak', berriz, San Juan-Azitain-San Juan ibilbidea betetzen du (3.600 metro) eta kolore horiz markatu da. Eta zirkuitu 'zaila' (San Juan-Urki-Txonta-San Juan), kolore gorriz markatuta dago eta 4 kilometroko luzeera dauka. Hiru ibilbideak ordubete inguruan egiteko modukoak dira eta anbulatorioko parketik abiatzen dira. Han ipini duten panelean planoa eta ibilbideei buruzko informazio guztia kontsultatu daiteke. Horrez gain ibilbideak ere seinalizatu dituzte, inor ez galtzeko.
Eibar Ibilixan proiektua garatzeko parte-hartze prozesua zabaldu zuten eta, horrekin batera, lan-mahai tekniko bat, eta gizarte arloko eta landa-laneko bana sortu zituzten. Mahai teknikoan alor ezberdinetako eragileek hartu dute parte, hala nola, ingurumen teknikariak, kiroletakoak, osasun publikokoak eta Hirigintza eta Obrak, Gizartekintza eta Udaltzaingo sailetako udal teknikariak, baita Debegesakoak ere. Gizarte lan-mahaian, berriz, elkarte ezberdinetako ordezkariak izan dira, Biztu, Ciudades Amigables, Ikasten, Esperientzia Eskola, Andretxea, Klub Deportiboa, Afagi eta jubilatuen egoitzetakoak, besteak beste. Eta landa-laneko mahaiak ingurunearen azterketa egin du, marraztu daitezkeen ibilbideak zehaztu ahal izateko, orografia, toki publikoen sarea eta ekipamenduak, mugikortasun sarea edota mugak aztertuz.



image

image

image