Andrea Garcia (musikaria): “Aurrera jarraitu nahi dut, oinak lurrean ditudala, eta egiten dudanaz disfrutatuz”

Andrea Garcia (musikaria):  “Aurrera jarraitu nahi dut, oinak lurrean ditudala, eta egiten dudanaz disfrutatuz”
ETA KITTO 2020, Mai 22

Kazetaria: Malen Illarramendi.

Bere lehen single-a atera berri du Andrea Garcia musikari eibartarrak, “Que todo pase” izenekoa. Prozesu honetan guztian bizi izan duen esperientzia eta aurrera begirako planak gurekin partekatu ditu elkarrizketa honetan.

Zure lehen single-a atera berri duzu gaur. Zer sentitzen da?
Ez naiz sentitzen dudana azaltzeko gai; hau guztia zoramena da. Betidanik izan dudan ametsa da, baina beti pentsatu izan dut inoiz ez zela une hau iritsiko. Konturatu naiz, saiatuta eta lan eginda, dena lortu daitekeela. Nire lehen kanta entzuten dudan bakoitzean, sinestezina iruditzen zait; oso pozik nago, zoriontsu. Honek guztiak aldaketa handia dakar nire bizitzan; izan ere, zaletasun gisa ikusten nuen orain arte musika eta, orain, bizimodua izan daitekeela ohartu naiz.

Kanta eta bideoklipa sortu dituzu. Zein plataformatan ikusi eta entzun daitezke?
Plataforma digital guztietan dago eskuragarri: YouTube, Spotify, iTunes… Behin argitara aterata, zabalkunde handia egitea erabaki dugu. Gaur, barixakua, 00.00etan argitaratu da.

Nola suertatu zitzaizun aukera berri hau?
Niri dagokidanez, sare sozialek izugarri lagundu didate, bertara igotzen bainituen “cover”-ak eta produktu musikalak. Produktore batek, Jagobak, nire lanak entzun eta berarekin lan egitea proposatu zidan, egiten nuena gustuko zuelako. Onartu beharra dut berari esker lortu dudala oraingo aukera hau.

“Que todo pase” deitzen da single-a. Zertaz hitz egiten du abestiak?
Ezin ikusi baina elkarren beharra duten bi pertsona ditu hizpide kantak. Egia esan, COVID-19aren aurretik sortutako lana izan arren, oraingo egoerarekin are zentzu handiagoa hartu du, eta ezin hobeto irudikatzen du une honetan guztiok bizitzen ari garena.

Zein erantzun espero duzu entzuleen aldetik?
Uste dut jendea asko harrituko dela, nire jarraitzaileak ohituta daudelako egiten ditudan “cover”-ak entzutera, baina ez dut uste abesti propioa aterako nuela espero zutenik. Entzuleen gustukoa izango delakoan nago, baina, auskalo! Hori ezin da jakin benetan jendearen erantzuna ikusi arte. Badakit ingurukoak nire alboan egongo direla. Gainera, oso lan-talde ona izan dut, eta emaitza profesionala lortu dugula esango nuke, eta hori jendeak ikusi egingo du.

Aurrera begira, beste abestirik ateratzeko lanean zabiltza? Zeintzuk dira zure planak? Hau guztia bide luze baten hasiera besterik ez da?
Dagoeneko beste abesti batzuk ditut esku artean, eta aurrera begirako plana da honetan lanean jarraitzea. Ahal dudan guztia egingo dut proiektu hau aurrera atera dadin. Ilusio handia daukat, eta nire denbora guztia eskainiko diot abesti berriak sortzeari. Hala ere, gero gerokoak! Hilabete gutxi barru amaituko ditut unibertsitateko ikasketak (Arte Ederrak) eta musika-mundu honetan murgilduko naiz buru-belarri.

Kanta berriak sortzen ari zarela diozu. Estilo berekoak ala estilo musikal berriekin saiatuko zara?
Une honetan ez daukat definitzen nauen estilorik. Hori dela eta, musika mota ezberdinekin ari naiz lanean: pop-a, latinoa, balada… Denborak esango du zein den nire esentzia; orain gauza ezberdinak probatzeko momentua da.

Elkarrizketa hau baliatu nahi duzu norbaiti eskerrak emateko?
Eskerrak eman nahi nizkieke nigan konfiantza izan duten Jagobari (produktorea) eta Aliri (nire ordezkariari), haiei esker ari bainaiz hau guzti hau lortzen. Ezin aipatu gabe utzi, era berean, etxekoak, beti ondoan izan ditudan eta izango ditudanak: ama, aita eta Paul. Aurrera jarraitu nahi dut, oinak lurrean ditudala, eta egiten dudanaz disfrutatuz.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »