Babalwa Latsha, errugbilaria: “Garrantzitsua da bide bat irekitzea, atzetik datozenek bide hori jarraitu ahal izateko”

Babalwa Latsha, errugbilaria: “Garrantzitsua da bide bat irekitzea, atzetik datozenek bide hori jarraitu ahal izateko”
ETA KITTO 2020, Ots 07

Babalwa Latshak historia egin du. Eibar Rugby Taldearekin (ERT) fitxatu ondoren Afrikako lehen emakumezko errugbilari profesionala bilakatu da eta bide berria ireki die milioika emakumeri. Emakumezkoen Springboken (Hegoafrikako errugbi selekzioari horrela deitzen diote) kapitainak Eibarrera begira jarri du Hegoafrika eta horren erakusle da Lurmutur Hiriko aireportuan jaso zuen agur beroa. Bikain moldatu da ERTra eta Eibarko bizimodura, eta bere kalitate handia erakutsi du zelaian dagoeneko. Historia egiten jarrita, ERTrekin mugarria ezarri nahi du Ohorezko A Mailara igoz.

 

– Zer moduz lehen hiru asteak Eibarren?

Zoragarriak izan dira! Oso ondo nago hemen eta oso esperientzia bikaina bizitzen ari naiz. Eibar oso ezberdina da aurretik ezagutzen nuen guztiarekin alderatuz. Niretzat oso aukera ona izan da hona etortzeko beta izatea, etxetik irteteko, esploratzeko eta errugbiaren inguruan pixka bat gehiago ikasteko balio didalako.

– Ohorezko B Mailako lehen hiru jardunaldietan taldeak hiru garaipen lortu ditu, maila handia erakutsita gainera, eta zuk hamar entsegu egin dituzu. Hasiera hau espero zenuen?

Demaseko hasiera izan da, espero nuena baino askoz hobea. Hamar entsegu egin ditut, baina taldeari eman behar diot meritu gehiena, denon arteko elkarlana ona izan delako. Taldeak bikain jokatzen duenez, nire onena erakutsi dezaket. Bata bestearen ondorio da. Gure arteko batasunak egiten gaitu handi. Oso pozik nago hemen eta poztasun hori taldeak lortzen dituen emaitzetan islatzen da.

– Errugbian jokatzeko moduari dagokionez, aldea dago Hegoafrikako eta hemengo estiloen artean?

Gauza batzuetan ezberdina da. Hegoafrikan, adibidez, arlo fisikoak garrantzi handiagoa du. Hemen, ordea, baloia gehiago mugitzen da. Bestetik, hemengo jokoa azkarragoa da Hegoafrikakoarekin alderatuz. Orokorrean antzera jokatzen dugu han eta hemen, baina Hegoafrikan joko fisikoago eta basatiagoa egiten dugu, handiagoak garelako (barreak). Dena dela, errugbia errugbia da, mundu guztian mundu guztiak ulertzen duen hizkuntza.

– Eta zuk zer nahiago duzu: joko fisikoa edo azkar jokatuz baloia mugitzea?

Ez dut bata edo bestea nahiago, hori ez da kontua. Hala ere, kirol honen arlo fisikoa maite dut eta horrek ekarri nau ERTra.

– Zaleen aldetik aldea igarri duzu Hegoafrikarekin alderatuz?

Errugbiak garrantzi handia du Hegoafrikan eta hemen jendeak foballa maite du batez ere. Hala ere, hemen errugbia sustatzeko saiakerak egiten direla uste dut. Era berean, Hegoafrikan emakumeen errugbia sustatzen dihardugu, gizonezkoen errugbia baino ezezagunagoa delako. Horrela, jendea emakumezkoen errugbia ezagutzen eta egiten duguna ikusten hasi da pixkanaka.

– Hegoafrikako gizonezkoen errugbi selekzioak Munduko Txapelketa irabazi zuen azaroan, baina zuk esan bezala, emakumezkoen errugbia ezezagunagoa da zure herrialdean. Zergatik dago horrelako aldea?

Nahiko ironikoa da eta, era berean, pixka bat lotsarazten dit. Hala ere, gizonezkoekin alderatuz, emakumezkoen errugbia hazten doa Hegoafrikan. Kontuan izan behar da gizonezkoen Springbokek XIX. mende amaieraz geroztik jokatzen dutela; eta emakumezkoen selekzioa, ordea, 2004ean eratu zela. Bide luzea dugu aurretik, baina emakumezkoen errugbia asko garatu da dagoeneko Hegoafrikan. Adibidez, Springboken zazpiko errugbiko taldekide guztiek kontratu profesionala dute, baina hamabosteko errugbiko taldeko jokalariek ez. Hegoafrikako emakumezkoen errugbian gauza asko egin behar ditugu gizonezkoen mailara heltzeko. Guk lanean jarraitzen dugu eta 2021an Munduko Txapelketa jokatuko dugu, adibidez. Emakumezkoen errugbia babesteko eta ondo gidatzeko lan egin behar dugu, lorpenak ohikoak izan daitezen eta ez ezohiko gauzak. Laster aurrerapauso handiak ematea espero dut.

– Zein da zuen helburua Munduko Txapelketan?

2014an jokatu genuen azkenengo aldiz Munduko Txapelketa (2017. urtekora ez ginen sailkatu). Beraz, guretzat oso garrantzitsua da 2021ko Munduko Txapelketa eta gogor egin dugu lan bertan egoteko. Kapitain bezala, taldea behar bezala gidatzea da nire helburua. Guretzat historikoa da Munduko Txapelketa jokatzea eta marka ezartzea nahiko genuke. Gure onena emango dugu eta istorio ona idaztea espero dugu.

– Zuk Europan jokatzeak selekzioari ondo egingo diola uste duzu?

Hau erakusleiho bikaina da niretzat eta selekzioko beste kideei mesede egingo diela pentsatzen dut. Hemen ikasitakoa etxera eraman ahal izango dut, eta talde bezala hazteko eta aurrera begiratzeko balio izango digu.

– Historia egin duzu Afrikako lehen emakume errugbilari profesionala bihurtuz. Nola sentitzen zara horren aurrean?

Demaseko mugarria da Afrika eta Hegoafrikako emakume errugbilarientzat, eta hemendik aurrera espero dut errugbian jokatzen duten emakume afrikarrek munduko edozein tokitan euren talentua erakusteko aukera gehiago edukitzea.

– Bide berri bat hasi duzu Afrikako emakumeentzat?

Bai. Garrantzitsua da bide bat irekitzea, atzetik datozenek bide hori jarraitu ahal izateko.

– Khayelitsakoa zara. Nolakoa da?

Lurmutur Hiriko auzo bat da, eta krimen-kopuru handiagatik eta istiluengatik da ezaguna. Beraz, niretzat nahiko freskagarria da handik irteteko aukera izatea. Era berean, nire adibidea inspiragarria izan daitekeela uste dut, kirolaren bitartez bizitza aldatu daitekeela ikusi dezaketelako auzoko gazteek.

– Gainera, errugbilari profesionala izateaz gain, zuzenbide ikasketak egin dituzu, ezta?

Hori da. Emakumezkoen errugbia garatzeko erabili nahiko nuke ikasitakoa. Babeslekuak behar ditugu emakumezkoen errugbia hazi ahal izateko eta gaur egun Hegoafrikan ez dago horrelakorik. Joera hori aldatu nahiko nuke.

– Gazteagoa zinenean foballean jokatzen zenuen. Nola hasi zinen errugbian?

Foballa maite dut eta bizitza guztian egin izan dut foballean. Unibertsitatean zazpiko errugbian jokatzen hasi nintzen eta, nahiz eta pixka bat ikaratuta egon, ondo ibili nitzen. Gero, hamabosteko errugbian trebatu eta hobetoago moldatu nintzen. Beraz, hamabosteko errugbian jokatzen jarraitu nuen.

– Hiru hilabeteko kontratua sinatu duzu ERTrekin. Denbora gehiagoz gelditzea gustatuko litzaizuke?

Ikusiko dugu. Eibar Rugby Taldea talde zoragarria da. Gazteak errugbiaren munduan hazteko programa bikainak ditu eta asko gustatzen zait alderdi hori. Gainera, entrenatzaile eta taldekide itzelak ditugu. Hasiera ona da nazioartean kirol-ibilbidea ekiteko, eta denboraldia aurrera doan neurrian ikusiko dugu denbora gehiago geratzen naizen ala ez.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »