Izaskun Rodriguez Elkoro, Lagun Artean: “Guatemalako errealitatea Euskal Herrira gerturatzea da nire helburuetako bat”

Izaskun Rodriguez Elkoro, Lagun Artean: “Guatemalako errealitatea Euskal Herrira gerturatzea da nire helburuetako bat”
ETA KITTO 2020, Ots 28

Guatemalarekin harreman berezia du Izaskun Rodriguez Elkorok, eta Euskal Herriaren eta Erdialdeko Amerikako herrialdearen arteko ekimenez arduratzen da Lagun Artean erakundean. Egoitza Algortan izan arren, ekintza ugari antolatzen dituzte Eibarren. www.lagungt.org webgunean, erakundearen Facebookeko edo Twiterreko kontuetan, info@lagungt.org helbidera idatzita edo 633412905 – 944042671 telefono zenbakietara deituta lortu daiteke informazio gehiago.

 

– Nolako lana egiten duzu Lagun Artean elkartean?

Gizarte eraldaketarako hezkuntza arduraduna naiz eta Guatemalako errealitatea Euskal Herrira gerturatzea da nire helburuetako bat. Beti ere, pedagogia kritiko, dekolonial eta feminista batetik. Bestetik, Euskal Herriko beste elkarte batzuekin herritartasun-alternatibak sortzeko eta praktikan jartzeko zereginak egiten ari gara, bi herrialdeen arteko ekimenak sustatuz.

– Nola hasi zinen Lagun Artean erakundean lanean?

2012. urtean boluntario sartu eta orain dela pare bat urte lanean hasi nintzen. Guatemalarekin harreman handia izan dut Eusko Jaurlaritzaren beka batekin herrialdea bisitatu nuen lehen alditik. Beraz, gogotsu heldu nion.

– Nolako esperientziak bizi izan dituzu aurretik arlo horretan?

Egoaiziak eman zidan lankidetzaren mundua ezagutzeko aukera. Han ikasi nuen Euskal Herritik lankidetza egitea zer den, Eibartik zehazki, eta Peruko proiektu bat ezagutzeko aukera izan nuen. Harrezkero, hainbat beka aprobetxatuz, Perun eta Guatemalan izan naiz hainbat alditan, eta emakumeen jabetze-prozesuak sustatzeko helburua duten hainbat proiektutan ibili naiz boluntario.

– Zeintzuk dira Lagun Artean elkartearen lan-ildo nagusiak?

Hiru dira: Garapenerako Lankidetza, Patojas Ikasketa Beken Proiektua eta Gizarte Eraldaketarako Hezkuntza. Garapenerako Lankidetzari dagokionez, 25 urteko esperientzia dugu Guatemalan, eta hango emakumeak ahalduntzea da helburua. Bestetik, Patojas Ikasketa Beken Proiektua Guatemalan garatutako ikasketa beken programa bat da eta banakako donazioen bidez baliabide urriak dituzten neskei, mutilei eta emakumeei ikasteko aukera ematen zaie. Eta azkenik, Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzari dagokionez, euskal herritarren kontzientziazio kritiko, dekolonial eta feministaren alde egiten dugu, eta munduko herritartasunaren alternatibak bilatzen eta eraikitzen dituzten prozesuetan laguntzen dugu.

-Zergatik Guatemala?

Oso galdera ona! Algortako lagun talde batek orain dela 25 urte Guatemalara egin zuen bidai baten ondorioz sortu zen Entreamigos-Lagun Artean elkartea. Euskal Herrira bueltatzean, bidaian bizi zituzten esperientziak aztertu zituzten, eta Guatemalako egoera hobetzeko nahiarekin martxan jarri eta lanean hasi ziren.

– Norbaitek interesa izango balu, nola egin dezake bat elkartearekin?

Gure bazkideek hilero donazio bat egiten dute normalean eta, horrekin, Patojas Beken Proiektuarekin bat egiten dute. Ez dugu diru kopuru finkorik eta zehatzik eskatzen, donazioak libreak dira. Bakoitzak ahal duen neurrian proiektuaren parte izatea eta Guatemaleko haur eta emakumeen hezkuntzan laguntzea da gure helburua.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »