LOREA URKIA, Miss Grand Euskadi: “Irabazi nuela esan zutenean, ezin nuen sinetsi”

LOREA URKIA, Miss Grand Euskadi: “Irabazi nuela esan zutenean, ezin nuen sinetsi”
2023/02/03 eta kitto!

Lorea Urkia da Miss Grand Euskadi berria. Eibartarrak barixakuan jantzi zuen koroa Bilbon egin zen ekitaldian eta, orain, Miss Grand Spain izateko lehiatuko da martxoaren 19tik 26ra, Puerto de la Cruzen (Tenerife, Kanariar Uharteak).


Loreak ez zuen espero eta Euskadiko txapelketa irabazi zuen. Beraz, zergatik ez estatu mailakoa irabaztearekin amestu? Bera, gutxienez, gozatzeko gogoz joango da Tenerifera.


Nola bizi izan zenuen barixakuko ekitaldia?


Ez nuen irabaztea espero. Oso pozik bizi izan nuen, gustora. Demaseko babesa jaso nuen, bai momentuan, bai barixakuko ekitaldia heldu aurretik. Hilabete hauetan guztietan oso maitatua sentitu naiz eta barixakukoa demasekoa izan zen, inoiz ahaztuko ez dudan momentua.


Nolako prozesua bizi izan duzu hilabete hauetan?


Urrian hasi genuen Miss Grand Euskadi izateko prozesua. Domeka guztietan entseguak egiteko geratzen ginen eta dantzen koreografiak, pasarelan nola aritu... lantzen genuen. Gero, barixakuan, goizetik ibili ginen entseatzen dena ondo irten zedin.


Urduri egon zinen?


Momentuak izan nituen. Batzuetan urduri sentitzen nintzen, gero lasaitu egiten nintzen... Emozio asko bizi izan nituen eta zaila da kontrolatzea.


Ekitaldiak aurrera egin ahala parte-hartzaileak kanporatuak izan ziren. Zer sentitu zenuen?


Gogorra izan zen. Hilabete askoan elkarrekin egon garenez, batzuekin harreman estua egin nuen eta gogorra izan zen bidean gelditzen zirela ikustea. Pena eman zidan.


Era berean, zuk hurbilago ikusi zenezakeen irabazlearen koroa.


Bai, baina ni ere kanpoan geratzeko beldur nintzen. Izan ere, ez nintzen batere gustora gelditu ekitaldian egindakoarekin, gauzak hobeto egin ahal nituela pentsatzen nuen. Horregatik, uste nuen nik ere ez nuela aurrera egingo. Dena dela, poliki-poliki lehian jarraitzen nuela ikusi nuen. Lehenengo hamarren artean ikusi nintzen lehenik, gero bost lehenen artean eta, azkenean, bi lagun bakarrik geratu ginen. Eskutik heldu genion elkarri eta, irabazlea ni nintzela esan zutenean, ezin nuen sinetsi.


Nolako frogak egin behar izan zenituzten?


Esan bezala, dantza, koreografia eta pasarela kontuan hartzen dute, baina mentalki eta emozionalki indartzeko hitzaldiak jaso ditugu, oratoria klaseak eskaini dizkigute... Hori guztia garrantzitsua da egoera ezberdinak eta emozioak kudeatzen jakiteko. Izan ere, gauza asko gertatzen dira horrelako prozesuetan. Epaimahaiak lehenengo momentutik baloratu du prozesua. Gu konturatzen ez ginen arren, gure jarrera nolakoa den ikusten zuten, entseguetan zenbateko konpromisoa erakusten dugun, ematen diogun dedikazioa eta ahalegina...


Bazeneukan esperientzia horrelako kontuetan?


Ez, dena izan da berria niretzat. Lehenengo aldia izateko demaseko esperientzia izan da, gorabehera askokoa. Oso pertsona sentikorra naiz eta gauzak niretzat gordetzen ditut. Orduan, barruan dudana kontatzen ez dudanez, momentu ez hain onak ere bizi izan ditut. Dena dela, oso ondo pasatu dut. Domekako entseguak heltzen zirenean oso ondo pasatzen nuen, eta entseguak amaitzen zirenean hurrengo domeka iristeko gogoz negoen.


Domekatik domekara, astean zehar, etxean entseatzen zenuen?


Bai. Beste gala batzuetako bideo asko ikusi ditut eta asko ikasi dut. Ikusitako horretatik gehien gustatzen zitzaidana egiten saiatzen nintzen etxean edo garajean, toki gehiago nuelako.


Nola animatu zinen Miss Grand Euskadin parte hartzera?


Norbaitek idatzi zidan bertan parte hartzera animatuz eta, denbora batez pentsatu ondoren, aukera aprobetxatzea eta gozatzea erabaki nuen. Oso gustora nago pauso hori ematearekin.


Miss Grand Spainen lehiatuko zara orain. Zein da zure helburua?


Esperientzia bizitzea, gozatzea eta ondo pasatzea. Oraingoan, gainera, astebete egingo dugu han eta Euskadikoarekin alderatuz ezberdina izango da, biziagoa. Hilabete daukat ekitaldia ondo prestatzeko eta horretarako egingo dut lan.


Gertatzen dena gertatzen dela, modaren eta edertasunaren munduan jarraitzeko asmoa duzu?


Lehiaketa honetan parte hartu aurretik moda arloan lan batzuk egin ditut modelo bezala. Gustatzen zait eta arlo horretan jarraitu nahiko nuke, baina irakaslea naiz eta hori da gehien gustatzen zaidana.