Markel Susaeta, foballaria: “Athletic agurtzeko momentua betirako gordeko dut bihotzean”

Markel Susaeta, foballaria: “Athletic agurtzeko momentua betirako gordeko dut bihotzean”
ETA KITTO 2020, Urt 10

Markel Susaetak irabazi zuen ‘…eta kitto!’ Euskara Elkarteak banatzen duen Kirol Sari Nagusia. 22 urte eta 506 partiduren ondoren (partidu gehien jokatu dituen 5. jokalari zurigorria), foballari eibartarrak agur esan zion Athletic Clubi, bere bihotzeko taldeari. Banaketa mingarriaren ondoren Japoniara joan zen, Gamba Osaka taldera, eta abenduan amaitu zuen Asiako abentura. Orain abentura berri bat hasteko gogoz dago, baina eibartarron esker ona jaso zuen lehenik Coliseoan.

 

– Kirol Sari Nagusia jasotzen esan zenion agur 2019ari. Zure bizitzako urterik arraroena izan da?

Argi eta garbi. Ia bizitza guztia Athletic Cluben jokatzen egon naiz, lasai eta inongo ardurarik gabe, eta bertan jarraituko ez nuela erabaki nuenean urduritasuna eta ezinegona hasi zen, normala den moduan. 2019an zehar izan ditudan gorabeherak ikusita, bai, urterik arraroena izan da niretzat.

– Arraroa izango zen zuretzat, baita ere, Athletic Cluben kamiseta ez den beste elastiko batekin foballean jokatzea, ezta?

Bai, noski. 22 urtetan kamiseta berdinarekin jokatu dut eta beste aldagela batean sartu nintzen lehen egunean arraro sentitu nintzen. Gainera, ez nintzen beste taldekideekin elkar ulertzen, birekin kenduta. Nahiko aldaketa handia izan zen, oso ezberdina. Gero, nire taldearen etxean jokatzea eta hura San Mames ez izatea, oso arraroa egin zitzaidan. Azken finean foballa horrelakoa da eta batzuetan kanpora joan behar zara, gauza batengatik edo beste batengatik etxean ezin zarelako geratu. Gamba Osakan ez dut gehiegi jokatu, baina oso esperientzia ona izan da.

– San Mames bezalako zelai handi bat izan da zure etxea Ligan, Athletic asko maite duten eta etengabe animatzen duten zaleekin. Japonian, ordea, beisbola da kirol nagusia, foballaren aurretik. Zentzu horretan aldea igarri duzu?

Japonian beisbola da nagusi, baina foball partiduetan demaseko giroa sortzen da. Partidua hasi baino dexente lehenago sartzen dira zaletuak zelaira eta partiduan zehar isildu barik egoten dira. Asko animatzen dute. Alde horretatik nahiko antzeko giroa bizi izan dut Osakan, eta esan daiteke Ligako zelai batzuetan baino giro hobea dagoela orokorrean Japonian.

– Hilabete gutxi egin dituzu Gamba Osakan, baina zer ekarri duzu han bizitako esperientziatik?

Familiarekin gustora bizi ahal izateko toki batera joateko asmoa genuen eta Japoniako kultura guztiz ezberdina bada ere, nahiko gustora egon gara. Hilabete gutxi egon gara han, baina asko gozatu dugu eta beste abentura baten bila goaz orain.

– Espero zenuena baino lehenago amaitu da Japoniako abentura?

Hasieran urte eta erdiko kontratua sinatzeko eskaintza egin zidaten, baina nik nahiago nuen pixkanaka joan. Azken finean Japonia oso urruti dago, bertako kultura oso ezberdina da eta familiarekin joateko asmoa nuenez ezin nintzen denbora gehiegirako konprometitu. Hilabete batzuetarako kontratua sinatu nuen, pentsatuz gustora egongo nintzela eta kontratua berrituko nuela, baina gauzak nola joan diren ikusita abentura amaitutzat ematea erabaki dugu alde biek.

– Hain urrun joanda eramangarriagoa egin zaizu Athleticetik banatzea?

Agian bai. Athletici jarraitu nahi ez duzula esaten diozun momentu hori da zailena. Gero, argi nuen ez nuela Ligan jokatu nahi eta abentura berri baten bila irten nintzen, eta nahiz eta eskaintza ugari izan, Japoniara joatea erabaki nuen.

– Athleticen jarraituko ez zenuela adierazi zenuen momentua eta San Mamesen jokatu zenuen azken partidua oso hunkigarriak izan ziren. Nola bizi izan zenituen?

Pasada bat izan zen. Horrelako agurra edukitzeak zerbait ondo egin nuela esan nahi du. Bizitza guztia talde berean pasa nuen eta argi nuen ez nuela handik irten nahi, nahiz eta azkenean irten egin nintzen. Beraz, Athleticetik agurtzeko momentua betirako gordeko dut bihotzean.

– Athleticetik joango zinela adierazi zenuen prentsaurrekoan minduta agertu zinen. Mina pasatu da?

Oraindik denbora gutxi pasatu da eta gauza asko izan dira. Hala ere, nahiz eta ika-mikak izan, Athletic beti maiteko dut.

– Gertutik jarraitzen duzu taldearen martxa?

Bai! Partidu guztiak ikusi ditut, jokalariekin ia egunero egiten dut berba, eta Bilbon nagoenean eurekin geratzen naiz eta taldeari buruz egiten dugu berba.

– 9 urterekin sartu zinen Athleticen harrobian eta historian partidu gehien jokatu dituen bosgarren jokalari zurigorria zara. Lortutakoa baloratzen duzu?

Athleticetik irteten zarenean horrelako gauzetan pentsatzeko denbora gehiago duzu, eta handik irten eta hilabete batzuetara lortu dudanaz jabetzen naiz. Lortutakoak balio handia duela konturatu naiz, baina urteak pasatzen direnean balio handiagoa emango diodala uste dut.

– 506 partidu jokatu zenituen Athleticekin. Zein aukeratuko zenuke?

Gaur egun txapelketa bat irabaztea zein zaila den ikusita, 2015ean Bartzelonari irabazi genion Superkopako finala aukeratuko nuke.

– Lezamara joan aurretik baloiari hainbat ostiko eman zenizkion Ipuruan, zure auzoan. Nola gogoratzen dituzu sasoi horiek?

Txikitan lagun guztiek foballean egiten zuten eta horrela pasatzen genituen orduak. Ipuruako anexoan jokatzen genituen partiduak, eta baita Iparragirren zegoen foball zelaian ere, gaur egun Sautxiko etxeak dauden tokian. Gero taldekide batzuei Athleticen proba batzuk egiteko aukera eman ziguten eta gutako bost aukeratu zituzten.

– Eredu zara gazte askorentzat eta zuk jarraitutako bidea berdindu nahi izango du batek baino gehiagok. Zein aholku emango zenieke?

Egon naizen talde guztietan ni baino jokalari hobeak egon dira, askoagatik gainera, baina lana gogoz egiten baduzu, nahiz eta lana egitea bakarrik nahikoa ez izan, aukera gehiago izango duzu gora heltzeko.

– Azken urteotan Ipuruan jokatzeko aukera izan duzu, zure txikitako etxetik metro gutxira, eta oso harrera beroa jaso duzu beti. Inoiz pentsatu izan duzu Eibarren elastiko gorriurdinarekin jokatzea?

9 urterekin sartu nintzen Athleticen eta, bertan urteak egin ondoren, pentsatzen nuen han amaituko nuela nire karrera. Bai pasatu zitzaidan burutik nire herriko taldean jokatzea, txikitan eta gaur egun ere Eibarko bazkidea naizelako, eta ilusio hori nuen buruan, baina beste faktore batzuengatik pentsatu nuen agian ez zela aproposena niretzat. Eibar FT beti maiteko dut, herriko taldea delako.

– Badakizu zein talderen kamiseta jantziko duzun orain?

Oraindik ez dakit. Aukera asko ditut, baina oraindik ez dut erabaki zein izango den hurrengo abentura. Ea eskaintza polit bat heltzen den.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »