Miren Urizar (Urbat waterpolo taldeko jokalaria): “Europako txapelketara joateko aukera asko ditut”

Miren Urizar (Urbat waterpolo taldeko jokalaria):  “Europako txapelketara joateko aukera asko ditut”
ETA KITTO 2019, Mai 31

Miren Urizar  Urbat waterpolo taldeko jokalari eibartarra lehen probetan hautatu dute 15 urtetik beherako waterpoloko Europako Txapelketan parte hartzeko. Txapelketa Kirishin (Errusian) jokatuko da uztailaren 7tik 14ra bitartean. Mirenek 14 urte ditu, DBHko 2. mailako ikaslea da La Salle ikastetxean  eta aurreko asteburuan Bartzelonan izan zen Espainiako selekzioarekin Europako txapelketari begira antolatu dituzten teknifikazio jardunaldietan.

– Nolako ibilbidea egin duzu orain arte kirol munduan?
Txikitatik egin dut kirol asko: igeriketa, dantza, eskubaloia… eta orain burubelarri nabil atletismoarekin eta waterpoloarekin. Horrek esan nahi du egunero ditudala entrenamenduak, eta asteburuak oso kargatuta ditudala. Atletismoan gehien gustatzen zaidana jauziak eta xabalina-jaurtiketa dira. Azken batean, xabalina eta waterpoloa nahiko lotuta daude. 11 urterekin hasi nintzen waterpoloan nire lehengusinarekin batera. Infanti, jubenil eta seniorretan jokatzen dut; asteburu bakoitzean 2-3 partidu izaten ditut.

– Zer moduz joan da asteburuan Espainiako selekzioarekin egin duzun kontzentrazioa?
Ondo joan da. Horrelako teknifikazio kontzentrazioek nola zabiltzan ikusteko balio dute. Oso gutxi falta da Europako txapelketarako. Hainbat kontzentrazio egin ditugu eta azkenekoetan 18 jokalari gelditu gara. Beraz, laster erabaki beharko da Errusiara joango den taldea. Ilusio handia daukat. Horietatik 12 Kataluniakoak dira, hiru Madrilgoak, Alacanteko bat, Kanarietako beste bat eta ni, euskaldun bakarra.

– Nola aukeratu zintuzten talde horretan egoteko?
Espainiako txapelketan parte hartu nuen Euskadiko selekzioarekin. Eta hortik aukeraketa moduko bat egiten dute. Interesatzen zaizkien jokalariei deitzen diete eta hortik, apurka-apurka, talde definitiboa osatzen joaten dira. Orain dela urtebete inguru hasi nintzen horrelako kontzentrazioetan parte hartzen, eta gabonetan lagunarteko partidua jokatu genuen Italiako talde batekin Europakoa prestatzen joateko.

– Waterpoloan zer da gehien gustatzen zaizuna?
Desberdina, berezia iruditzen zait. Lehen ez nuen ezagutzen, igeriketa besterik ez nuen egiten. Fisikoki eta mentalki asko eskatzen duen kirola da, baina izugarria da gure artean daukagun giroa. Astero hiru egunetan entrenatzen dut gutxienez, eta denetik egiten dugu: uretatik kanpo fisikoa asko lantzen dugu, eta uretan igeriketa, teknika, jaurtiketak, partiduak… Gauza asko landu behar dira.

– Zelan ibili zarete Urbatekoak denboraldi honetan Euskadiko Txapelketan?
Asteburu honetan azken partidua daukagu eta, irabazten badugu (hori espero dut), hirugarren postuan geratuko gara. Seniorrekin Espainiako txapelketan egon gara eta talde jubenilean ere baliteke hor egotea.

– Etorkizunera begira zer espero duzu?
Jarraitzea espero dut, baina badakit zaila dela. Orbeako igerilekua txikia da. Azkenean besteek abantaila gehiago dituzte. Askoz ere baliabide gehiago dauzkate eskura, eta ohorezko mailakoekin entrenatzeko aukera izaten dute. Waterpoloa beste maila batean dago Katalunia bezalako lekuetan.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »