Josu Azpillaga: “60.000 erabiltzaile aktibo ditu Egunean Behin jolasak astero”

Josu Azpillaga: “60.000 erabiltzaile aktibo ditu Egunean Behin jolasak astero”
2022/03/17 eta kitto!
Atzo, martxoak 16, izan zen ...eta kitto! Euskara Elkarteak urtero antolatzen duen Euskararen Transmisioa eta Sozializazioa Mintegia.

CodeSyntaxeko ingeniaria eta "Egunean behin" jokoaren sortzaileetako bat da Josu Azpillaga.  Tribial estiloko galdera-erantzunen jokoa da Egunean Behin. Egunean partida bakarra jokatzeko aukera ematen du; 10 galdera erantzun behar izaten dira, ahalik eta azkarren.  Hiru urte daramatza jokoak martxan. "Denbora asko da, aplikazio digitalak azkar zahartzen direlako Interneten", uste du Josuk.

Egunean Behin baino lehen egon ziren beste saiakera batzuk: "Tribual genuen lehendik sortuta. Sasoi horretan puri-purian zegoen HQ Trivia jokoa. Eguneko une batean galderak agertzen ziren, denbora jakin bat zenuen erantzuteko eta, asmatuz gero, hurrengo fasera pasatzen zinen. "Hortik tiraka hasi ginen. Horrelako zerbait genuen buruan, euskal kulturaren inguruko ezagutza areagotzeko eta euskarazko aplikazioa mugikorrean txertatzeko asmoz". Hasierako zirriborroa egin zuten eta gero aldatuz joan da.

"Jolasa izateaz gain, marketin tresna da guretzat, ikerketarako eta garapenerako balio digu, finantzazioa lortzen da... eta ondo pasatzen dugu gainera!", esan zuen Josuk.

185.000 lagunek instalatu dute Egunean Behin jokoa telefonoetan hiru urte hauetan. "Asko da",  azaldu du Josuk: "Ahoz ahokoak asko funtzionatu du. Teklaren bat ikutu dugu aplikazio honekin". 60.000 erabiltzaile aktibo dituzte astero.

80.000 galdera inguru dituzte datu-basean. Galdera mota desberdinekoak dira. Sortaka sortzen dituzte programa informatikoen bidez. Batzuk eskuz sortzen dituzte, adibidez, pil-pilean dauden gaien ingurukoak.  Josuk azpimarratu zuen  oso inportantea dela software libreko datu-iturriak edukitzea: Wikipedia, Armiarma datu basea...

Egunean Behin instalatu den gailuetatik %13 daude euskaraz. "Kanpaina bat egin zen eta bikoiztuko egin zen. Gaur egun %22an egon daitezke. Oso garrantzitsua da telefonoan erabiltzen dugun hizkuntza", esan zuen.

Jendeak denbora asko ematen du mugikorrean eta hor tarte bat lortzea oso zaila dela esan zuen Josuk. "Joko zelai horretan lortu behar du euskarak leku bat. Ikasleek eskolan  baino denbora gehiago ematen dute mugikorrarekin. Hor jokatzen dira gauza asko eta ez dakit benetan kontziente garen. Tarte hori lortzea oso zaila da Netflix edo Instagram bezalakoekin konpetitzen dugulako. Oso garestia da eta estrategiak pentsatu behar dira. Asko daukagu egiteko eta Egunean Behin asko beharko ditugu", uste du Azpillagak.