Gaur emango zaio azken agurra Duo Plaentxiko Jesus Urizarri Elgoibarko San Bartolome elizan
2019/01/08
10:52
eta kitto!
Jose Luis Badiolarekin batera Duo Plaentxi osatzen zuen Jesus Urizar musikari elgoibartarra atzo hil zen, 69 urterekin. Gure inguruan batez ere Duo Plaentxirekin ezaguna egin bazen ere, talde batean baino gehiagotan aritu zen Urizar. Soraluzen, Santa Ana jaietan igo zen estreinakoz oholtzara, beste hamar lagunekin batera (tartean, Jose Luis Badiola bera), Espontaneoak izenarekin. Ondoren, Badiola eta Ines Maiztegi lagun hartuta, Nuvay hirukotea etorri zen eta 1968an, berriz, Duo Plaentxi. 2013ko Eibar Kantuan jaialdian eman zuten agurreko kontzertua, baina ez Badiolak ezta Urizarrek ere ez zioten laga kantatzeari eta 2015ean berriz elkartu ziren biak, Veracruz talde ezagunetik zetorren Santi Sarasketarekin batera Basaur izeneko hirukotea osatzeko. Bere aldeko hileta elizkizunak gaur izango dira, Elgoibarko San Bartolome parrokian, 19:00etan.