[ARGAZKIAK+BIDEOA] Zaldibar argitzeko eskatu dute milaka lagunek Eitzagan amaitu den manifestazioan

[ARGAZKIAK+BIDEOA] Zaldibar argitzeko eskatu dute milaka lagunek Eitzagan amaitu den manifestazioan
2020/02/15 eta kitto!
Zaldibarko zabortegian zer ari den gertatzen argitzeko eskatu dute milaka herritarrek gaur arratsaldean, Eibartik, Ermutik eta Elgetatik, hiru zutabetan abiatu eta Eitzaga auzoan amaitu den manifestazioan. Eibartik Ermura bitarteko ibilbidean, manifestazioaren buruan “Zaldibar argitu orain! Langileak. Osasuna. Erantzukizunak” zioen pankartak. Bereziki hunkigarria izan da Ermura ailegatu eta bi zutabeek bat egin dutenean, elkarrekin Eitzagarako bidea egiteko. Zabortegitik oso gertu, Eitzaga auzoan amaitu da protesta.

Auzokoek hunkituta egin dute berba eta eskerrak eman dizkiete bertaraino joandako guztiei, batez ere kanpotik elkartasuna adieraztera gerturatu diren guztiei. Esan dutenez, politika kontuetan sartu barik, batez ere elkartasuna adierazi nahi diete desagertuta dauden bi langileen familiei eta, horrekin batera, bilaketa lanekin jarraitzea. Horrez gain, informazio zehatza ematea eta Eitzaga eta inguruan bizi direnei osasun azterketak egitea ere eskatu dute. Gertatutakoaren inguruko erantzukizunak eskatu dituzte, ekintza plan bat martxan jar dezatela gaineratuta.

Herritarren plataformakoek, bestalde, euren maitasuna eta babesa helarazi dizkiete familiei, “hasi besterik ez den borroka honetan”. Horrekin batera, besarkada bat bidali diete “horren baldintza penagarrietan lanean egon zaretenoi, baita ere orain egoera arriskutsuan lanean diharduzuen langile guztiei”. Amaitzeko, familiakoek, eskerrak emateaz gain, “gaurko presioaren ondorioz, lanean serio jartzea eta gure senideak ahalik eta lehen hortik ateratzea” nahi dutela. ARGAZKI BILDUMA HEMEN.

https://youtu.be/GLmucIoDAYY