Azken astean 33 positibo berri atzeman dira Debabarrenean, horietako 18 Eibarren

Azken astean 33 positibo berri atzeman dira Debabarrenean, horietako 18 Eibarren
2020/07/17 eta kitto!
Azken asteko datuak hartzen baditugu, Debabarrena eskualdean 33 koronabirus kasu berri zenbatu dira azken zazpi egunetan (18 Eibarren; 7 Elgoibarren, 4 Deban, 3 Ermuan eta 1 Soraluzen). Gipuzkoan,  berriz, guztira 164 izan dira zenbatu diren positibo berriak.

Atzo Osasun Sailak Eibarko Udalari ohartarazi zionez, Eibarko kutsatze berriak 17-18 urte bitarteko gazteen artean eman dira gehienbat, eta baliteke Zarautzen joan den astean izandako ikasturte amaierako ospakizunekin lotura izatea.

Ekainaren 12tik positibo berririk gabe egon ondoren, Eibarren uztailaren 12an, justu hilabete pasa ondoren, atzeman zuten lehen positibo berria. Hortik aurrera pixkanaka kopurua igotzen joan da (3 kasu uztailaren 14an; 5 kasu 15ean eta 10 kasu atzo, uztailak 16).

Gaur goizean Eibar Ospitalean test masiboak egiten hasi dira. Horretarako karpa bat jarri dute Otaolan kokatuta dagoen Ospitalaren ondoan. Eibar eta inguruetako jendeari etengabe frogak egiten dihardute, eta asteburu osoan horretan jarraituko dutela iragarri dute. Beraz, ziurrenik, hurrengo egunotan kasu gehiago azalduko dira.

Dena dela, harrigarria bada ere, atzo Osasun Sailetik azaldu zutenez, hemendik aurrera "asteburuko informazioa, astelehenean eguneratuko da". Beraz, astelehenera arte ezin izango dugu jakin gaixotasunak izaten ari duen eboluzioa.

Osasun Sailak atzo  bere webgunean atzo argitaratu zuenez, "bihartik aurrera, uztailaren 17tik aurrera, Osasun sailaren erabakiz bihartik aurrera egunero ematen den Koronabirusaren egoera epidemiologikoari buruzko informazioa era laburtuan emango da, ezinbesteko informazioa mantenduz. Egunero argitaratuko da bezperan egindako PCR proba kopurua, positibo izandako kasuen kopurua eta kasu horien banaketa herrialde historikoka, udalerrika, osasun-zentroka, baita sexu eta adinaren araberako banaketa ere. Egunero emango da ezagutzera, aldi berean, bezperan Koronabirusa dela eta izandako ospitaleratze berrien eta ZIUn izandako ospitaleratze berrien kopurua. Asteburuko informazioa, astelehenean eguneratuko da. Honez gain, astean behin txostena gaur arteko formatuan argitaratzen jarraituko da. Asteazkenetan izango da, aurreko asteko astelehenetik iganderako informazio guztia kontuan hartuz".