Eragin guneetan murgiltzeko prozesua hasiko dute herriko talde feministek

Eragin guneetan murgiltzeko prozesua hasiko dute herriko talde feministek
2022/01/27 eta kitto!
Entreamigos – Lagun Artean, Nalua eta Matraka! taldeek ‘Eragin Guneetan Murgilduz’ prozesua hasiko dute eta bihar, barixakua, lehen saioa egingo dute Oxlajuj E Emakume Maien Elkartearekin. Saioa 18:30ean hasiko da, Arrate Kultur Elkartean, eta ‘Eskola politikoa: emakumeen partaidetza eta eragin politikoa erabakiak hartzeko guneetan’ du izenburua. Saio irekia izango da eta antolatzaileek bertan parte hartzera animatu nahi dute jendea.

Prozesuaren helburua tokiko eta ikuspegi global batetik emakumeek hainbat lurralde eta errealitatetan dituzten borroka eta aldarrikapenei buruz hausnartzea izango da, guztiari balio politikoa emanez eta etorkizunerako egiteko modu berriak bilatzen jarraituz.

Parte-hartzaileek diotenez, “beti ere erreferente gisa Guatemalako emakumeen borrokak, aldarrikapenak eta haien prozesuak izanda, emakumeen erakundeen eragin politikoan sakonduko dugu, Guatemalan eta Euskal Herrian, haien lorpenerako tresna berriak eskuratuz, aliantza berriak sortuz eta lehendik daudenak sendotuz eta gai ezberdinetan (artea, politika, kazetaritza eta ahizpatasuna) analisi feministak bultzatuz”.

eragin guneetan murgilduz