…eta kitto! Euskara Elkartearen konpromisoa COVID-19aren pandemiaren aurrean

…eta kitto! Euskara Elkartearen konpromisoa COVID-19aren pandemiaren aurrean
2020/03/25 17:14
eta kitto!
Koronabirusaren pandemiak gu guztiok orain arte genuen bizitza hankaz gora jarri du egun batetik bestera, eta bere eragina maila eta esparru guztietara zabaldu da, baita lan egiteko moduetara ere. Osasun arlotik behin eta berriz ailegatzen zaigun mezua argia da: funtsezkoa da COVID-19 birusa gizartean ahalik eta gutxien hedatzea eta horretarako, etxean gelditzea da neurririk egokiena. Hori guztia jakinda, …eta kitto! Euskara Elkarteak hainbat neurri eta erabaki hartu ditu, eta zuokin, herritarrokin partekatu nahi ditugu.

Alde batetik, astekaria zuen etxeetara ailegatzea posible egiten dugun langile guztion (kazetari, argazkilari, komertzial, banatzaile, administratzaile, inprentako langile, garraiolari eta beste askoren) osasuna zein gainontzeko herritarrena babesteko eta osasun sistema kolapsatu ez dadin laguntzeko, …eta kitto! aldizkaria paperean ez kaleratzea erabaki dugu, behintzat gutxieneko normaltasun egoera bat egon arte. Hala ere, orain arte egin dugun moduan, informatzen jarraituko dugu, teknologia berriek horretarako aukera ematen digute eta: www.etakitto.eus web orrian albiste berriak sortzen joan ahala horien berri emango dizuegu, baita gure sare sozialen bitartez ere (Facebook, Twitter, Instagram…). Uneoro argitaratzen ditugun albisteez gain, bestalde, astean sortzen joan den informazio garrantzitsuena PDF batean bilduko dugu, nahi izanez gero dokumentua jaitsi, inprimatu, gorde eta irakurtzeko aukera izan dezazuen. Egoerak derrigortuta hartu dugun erabakia behin-behinekoa da eta lehenbailehen lehengora bueltatzeko moduan izatea da gure nahia, baina bien bitartean oraingo gure lehentasuna zuei informazioa ematen jarraitzea da.

Eta bestetik, sustapen alorrean ere, beste era batera, baina lanean jarraitzen dugu. Egoera berria da guztiontzat eta lan egiteko modua bera ere egokitu beharra izan dugu, zuengana ailegatzen jarraitzeko. Datozen asteotarako aurreikusita genituen jendaurreko jarduerak geldirik daude, baina aukera dugun momentuan bertan helduko diegu berriro. Urte osoko egitasmoei dagokienez (Berbetan mintzapraktikako programa, Ongi Etorri harrerakoa eta merkatari eta ostalarien Euskeraz Primeran!), haiei zerbitzua eskaintzeko modua ere aldatu eta moldatu egin dugu, baina haria ez dugu eten. Formula berriak erabiliz harremanetan jarraitzen dugu.

Horrekin batera, bizitzen ari garen  egoera zail honetan gizartearekiko gure konpromisoa berretsi nahi dugu eta, ahal dugun neurrian, larrialdi egoera arintzeko lanean ari diren erakunde eta bestelako kolektiboen zerbitzura gaudela gogoratu, inoiz baino gehiago herritarrei informazioa helarazteko prest. Bizitza bere onera itzuliko da, eta berriro elkartuko gara, berriro besarkatuko gara, eta bizitzaz eta inguruko lagun eta senideez gozatzen jarraituko dugu. Bitartean emaiozue EUSKARARI bere lekua, goxo-goxo zaindu, eta gozatu euskaraz eta euskararekin.

Jarri mingaina dantzan, euskaraz berba egin, erabili… eta itzuliko gara normaltasunera, indarberrituta eta gauza asko egiteko gogoz!

…eta kitto! Euskara Elkartea hemen duzue, edozertarako, zuen esan eta premietara.

 

Eutsi goiari eta BIZI EUSKARA ETA BIZI EUSKARAZ!