Gabonak ospatu ahal izango ditugu, baina murrizketekin ahaztu barik

Gabonak ospatu ahal izango ditugu, baina murrizketekin ahaztu barik
2020/12/03 eta kitto!
Abenduan sartu gara eta Gabonak ia gainean dauzkagu. Normalean alaitasun eta ilusioz betetako sasoia izaten den hau zalantza eta galderaz beteta bizitzea egokitu zaigu oraingoan, ordea. Izan ere, martxoaz geroztik gure egunerokotasunean etenbariko aldaketak eragiten dituen COVID-19k ez du alde egin eta, beraz, Gabonetan ere zaindu beharra izango dugu. Egun berezi hauetarako erkidego guztietarako berdinak izango diren murrizketak aste honetan adostu dituzte. Hala ere, oraindik ez dituzte zehaztu ostalaritza eta merkataritzari aplikatuko zaizkionak.

Atzo arratsaldean egindako bileran lortu zuten Gabonei begira plan bateratua adostea Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoetako osasun agintariak. Horren arabera, Gabonetan horren ohikoak diren familia topaketetara begira, baimendu egingo dira Gabonetako jaiegunetan erkidego batetik bestera joateko bidaiak. Gainera, Gabonzahar gauean eta Gabon gauean 01:30 arte ez da izango etxeratu beharrik. Familia topaketetan, oro har, hamar pertsona baino gehiago ez elkartzeko irizpidea emango da, eta bertan behera geratuko dira Olentzerori ongietorria ematekoantolatzen diren ekitaldiak, Hiru Erregeen kabalgatak eta, oro har, urte sasoi honetarako tradizioak “agintzen” dituen bestelako ospakizun guztiak.

Izan ere, nahiz eta Gabonetarako murrizketa batzuk apur bat leundu, COVID-19a kontrolpean izatera bideratutako oinarrizko neurriak orain artekoak izaten jarraitzen dutela behin eta berriz azpimarratu dute: eskuak ondo garbitzea, maskara erabiltzea eta pertsonen arteko distantziak zaintzea. Edo, bestela esanda, jende pilaketak saihestea.

Bilera amaituta, pozik agertu zen Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua. Azken batean, denentzat adostutako neurri hauek Eusko Jaurlaritzak berak astelehenean iragarri zituenekin bat datoz. Hala ere, sailburuaren berbetan, “Gabonak ez dira arriskurik gabeko sasoia” eta, horregatik, herritarrei zentzuz eta zorrotz jokatzeko eskaera egin dute.