Gauerditik aurrera maskara derrigorrezkoa izango da, “pertsonen arteko distantzia edozein izanda ere”

0    Gizartea 
ETA KITTO ETA KITTO
Gauerditik aurrera maskara derrigorrezkoa izango da, “pertsonen arteko distantzia edozein izanda ere”
ETA KITTO 2020, Uzt 15

Bihartik aurrera EAEn derrigorrezkoa izango da maskara erabiltzea erabiltzea, gaur eguerdiko agerraldian Nekane Murga Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailburuak jakinarazi duenaren arabera. Sailburuaren berbetan, “birusak, desagertu beharrean, zirkulatzen jarraitzen du” eta, gainera, azken orduotan kutsatzeak nola handitu diren ikusita, “neurri berriak” hartzea erabaki dute.

Gauerditik aurrera, beraz, maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da “kalean eta espazio publiko itxietan, pertsonen arteko distantzia edozein izanda ere”. Ez da hori hartuko duten neurri bakarra. Ostalaritzari dagokionez (tabernak, jatetxeak, elkarte gastronomikoakā€¦) maskara erabili beharko da eta bakarrik kendu ahal izango da jan edo edateko unean. Gainera, mahai baten inguruan gehienez ere 10 pertsona egon ahal izango dira, bai establezimendutik kanpo bai establezimenduaren barruan, eta ordutegi-luzapenak eten egin dituzte. Hondartzetan eta igerilekuetan ere derrigorrezkoa izango da maskara erabiltzea “joan-etorrietan”. Toallan etzan edo jartzerakoan kendu ahal izango da bakarrik, “betiere metro eta erdiko tartea gordetzen bada, edo pertsonak elkarbizitza unitate berekoak badira”. Hauek dira momentuz hartu dituzten neurri berriak, baina Murgak ez du baztertu pandemiaren bilakaeraren arabera neurri berriak aplikatzea.

Azken 24 orduotan 60 positibo atzeman dituzte EAEn PCR proben bidez. Kasu berrietatik 41 Gipuzkoan atzeman dituzte, hamar Bizkaian eta zazpi Araban. Gainera, 39 kasu atzeman dituzte test azkarren bidez (proba horiek pertsona batek hartutako immunitatea edo sortutako antigorputzak neurtzen dituzte, eta iraganeko infekzio bat adieraz dezakete).

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »