Gerrako Umeen zerrendak osatzeko zuzeneko arreta bulegoa jarriko dute eguenean

0    Gizartea 
ETA KITTO ETA KITTO
Gerrako Umeen zerrendak osatzeko zuzeneko arreta bulegoa jarriko dute eguenean
ETA KITTO 2022, Mai 03

Intxorta 1937 kultur elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, Gerra Zibilean erbestera ihes egin behar izan zuten umeen memoria berreskuratzeko lana egiten dihardu. Ekimena orain dela urte bi hasi zen eta harrezkero Eibarko 437 gerrako umeen izenak jaso ditu.

Zerrenda osatzeko asmoz, maiatzaren 5ean, 12an eta 19an zuzeneko arreta bulegoa jarriko dute Portaleko 3109 batzartokian (3. solairuan), 18:00etatik 20:00etara. Umeen izen-abizenak panel batean jarrita egongo dira, herritarren laguntzarekin osatzeko, eta Intxorta 1937 elkarteak bizirik dauden pertsonen edo senideen testigantzak jasotzeko asmoa du.

Eibarko 437 haurrak Frantziara (291), Errusiara (68), Ingalaterrara (27) eta Belgikara (18) joan ziren, eta beste 33 umeak ez dakite oraindik non egon ziren. “437 haurrek Bigarren Errepublikaren aurkako kolpe militarraren gogortasunak jasan behar izan zituzten: biztanleria zibilaren aurkako bereizi gabeko bonbardaketak, gosea, heriotza… gerratik ihesi itsasontzi batera igo zirenak, eta horietako askok beste gerra bat bizi zutenak, Bigarren Mundu Gerra hain zuzen”, Intxorta 1937 elkartekoen arabera.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »