[Erreportajea] Hondamendia zabortegian #zaldibarArgitu

[Erreportajea] Hondamendia zabortegian  #zaldibarArgitu
2020/02/14 12:21
eta kitto!
 

Aurreko asteko eguenean, otsailaren 6an gertatu zen ezbeharra: arratsaldeko lehen orduan, 16:00ak aldera Eitzagako zabortegia hondoratu eta milaka tona erori ziren AP-8 autobidera. Lur-jausiak errepidea moztu eta trafikoa norantza bietan itxita geratu zen, auto pilaketa luzeak eraginda. Oraindik gertatutakoa ia sinistu ezinda geundela, berez albiste txarra zena are okerragoa bilakatu zuen informazioa zabaltzen hasi zen: “Zabortegiko 10 langileetatik bi desagertuta daude eta euren bila dabiltza”. Orduek aurrera egin ahala jakin zen desagertutako bi langileak Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran zirela eta hala jarraitzen dute oraindik ere, desagertuta, behera joan ziren milaka kilo zabor eta hondakinen azpian. Aldizkaria inprentara bidali aurretik jaso genuen azken informazioaren arabera, atzo ekin zioten berriz ere desagertutako bi beharginak bilatzeari.

Zaldibarko zabortegiko ezbeharra gertatu zenetik gaur arte etenbarik ari gara informazio berria jasotzen, baina ezbeharra gertatu eta jarraian sortu ziren galdera garrantzitsuenei inork ez die oraindik erantzun: “Zer gertatu zen otsailaren 6ko arratsaldean zabortegia horrela hondoratzeko? Zer ari dira egiten desagertutako bi langileen gorpuak erreskatatzeko?”. Hortik aurrera egunetik egunera ari da luzatzen herritarren galderen zerrenda eta, horrekin batera, kezka eta haserrea ere geroz eta handiagoak dira. Istripua gertatu eta ordu gutxira, erreskate-taldeak desagertutakoen bilaketa lanak etetzearekin batera piztu zen lehen alarma: zabortegian amiantoa zegoen eta, hori gutxi balitz, lurraren ezegonkortasunak bilaketa lanak zaltzeaz gain, bila ari zirenen bizitzak arriskutan ipintzen zituen. Hortik bilaketa-lanak bertan behera lagatzeko erabakia.Ia jarraian, zabortegian piztutako suak eragindako keak lindanoa ere ote zegoen susmoa zabaldu zuen, Jaurlaritzatik hori ukatu arren. Kudeaketari buruzko irregulartasunak, zabortegiaren baimenak…

zaldibarkoa azalean

 

Asteburua tartean, astelehenera arte itxaron behar izan zen ordezkari politikoen ahotik gertatutakoari buruzko azalpenen bat entzuteko. Astelehen eguerdian egin zuten agerraldia Zaldibarren Iñaki Arriola ingurumen sailburuak eta Estefania Beltran de Heredia sailburuak eta, esan zutenez, “hondakindegia ez da Jaurlaritzarena. Enpresa pribatua da. Guk, administrazio modura lurraren egonkortasunerako eta osasunari lotutako soluzioak eman ditzala exijituko diogu”.

Osasunari lotutako kezka nabarmena da herritarren artean, are gehiago Ekologistak Martxan taldekoek, kearen usainagatik, amiantoaz gainera, zabortegian lindanoa ote dagoen “susmo sendoak” zituztela esan zuenean, baina  Elena Moreno sailburuordeak lindanoa dagoen hipotesia “erabat” baztertu zuen asteleheneko agerraldian. Edozein modutan ere, 2019ko uztailean hainbat irregulartasun detektatu zituen Jaurlaritzak hondakindegian. Horietako bat “baimendu bariko hondakinak, nagusiki plastikoak” zirela esan zuen Arriolak.

Jakitera eman zutenez, Verter Recycling 2002 SL enpresak 2013an jaso zuen AAI ingurumen baimen bateratua eta, orduz geroztik, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Ikuskaritzak ikuskapen zehatzak egiten zituen. Azkena 2019ko uztailaren 10ean izan zen eta handik atera zuten txostenak "arau-hauste ugari" antzeman zituen, lau arlo hauetan: lizentzia eta baimenetan, uraren babesean, hondakinetan eta zabortegien baldintza berezietan. Ingurumen Ikuskaritza Zerbitzuak eman daitekeen izendapenik baxuena eman zion enpresari eta hala jakinarazi zioten jabeari 2019ko irailaren 16an. Jakinarazpenarekin batera, 30 eguneko epea eman zioten, "txostenean agertzen ziren akatsak konpontzeko edo beharrezkoak liratekeen neurriak martxan jarri zituztela egiaztatzen zuen dokumentazioa aurkezteko".

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak aste honetan bertan kaleratutako prentsa oharraren arabera, Verter Recycling enpresak 2019ko urriaren 11n "askotariko informazioa" helarazi zien, tartean ingeniaritza espezializatu batek egindako azterketa bat. Azterketa horrek zabortegia "egonkorra" zela jasotzen zuen.

Agerraldi horren ostean, arratsaldeko lehen orduan Iñigo Urkullu Lehendakariak agerraldia egin behar zuela eta, arreta guztia horretan ipini zuten herritarrek, baina hauteskundeak aurreratu eta apirilaren 5erako deitu eta, Zaldibarren gertatutakoaren inguruan esandakoak entzun eta gero, arratsalderako deituta zeuden mobilizazioak benetan jendetsuak izatea lagundu baino ez zuen egin. Milaka lagun irten ziren kalera, Zaldibarko zabortegian gertatutakoaren inguruan Eusko Jaurlaritzari erantzunkizunak eskatu eta azalpenak eskatzeko.  Herritarrek deituta mobilizazio zaratatsuak egin ziren Zaldibarren, Ermuan, Markinan, Mallabian eta Eibarren. Gure herriko kaleak zeharkatu zituen manifestazioa jendetsuenetakoa izan zen, 2.000 lagun ingururekin. Amaieran irakurritako manifestuan, erantzukizun politikoak eskatzeaz gain, desagertutako bi langileen familientzat lehentasuna horiek aurkitzea dela errepikatu zuten eta, datozen egunetarako mobilizazioak prestatzeko bilera deitu zuten eguenerako (otsailak 13).

zaldibar manifa 2 Milaka lagunek euren kezka eta haserrea adierazi zuten Eibarren, Ermuan eta Zaldibarren izandako manifestazioetan.

 

Lehendakaria, Iñaki Arriola Ingurumen sailburua eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua langileen senitartekoekin elkartu ziren eguaztenean, baina horrek ez du lortu desagertutako langileen animoak baretzea. Eta eguaztenean ere bildu ziren lehen aldiz Verter Recycling enpresakoak Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin. Bien bitartean, Durangoko instrukzio epaile batek Verter Recycling 2002 SL enpresaren kontrako "aurretiazko eginbideak" abiatu ditu, ingurugiro eta lan arloko ustezko delituak egotzita. Eta azken orduko albisteen arabera, oposizioko alderdiek eskatuta, martitzenean Iñigo Urkullu lehendakariak eta haren gobernuko hainbat sailburuk Eusko Legebiltzarraren Diputazio Iraunkorrean Zaldibarko auziaren inguruko azalpenak emango dituzte.

Airearen eta uraren kalitatea kontrolatzeko neurriak
Astelehenean alkatetzatik jakinarazi zutenez, lau neurgailu kontratatu dira herriko airearen kalitatea ezagutzeko. Amañako ikastetxean, Ipuruako kiroldegian, Uni Eibar-Ermua ikastetxean eta baita  Azitaingo Lantegi Eskola parean ipini dituzte, “hiriko bi muturren artean egon daitezkeen aldeak ezagutzeko, halakorik balego”.  Eta Eusko Jaurlaritzaren arabera, ez dago kezkatzeko arrazoirik, “Eibarko zein Ermuko uraren eta airearen kalitatea ona da eta”.  Diotenez, “etengabe ari dira laginketak egiten”.  Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Bizitza Sailetik etenbarik ari dira neurketa guzti horien berri ematen interneten (ingurumena.eus) eta sare sozialen bitartez (@Ingurumena_Eus).

 

Manifestazio bateratua deitu dute biharko “Zaldibar Argitu Orain!” goiburupean
Biharko (otsailak 15. larunbata) mobilizazio deia egin du “Zaldibar Argitu Orain!” herritarren mugimenduak. Eibartik, Ermutik eta Elgetatik manifestazio zaratatsuak irtengo dira. Protesta bateratua “Zaldibar Argitu Orain! Langileak, Osasuna eta Erantzunkizunak” goiburupean egingo da, eta zutabeak Eitzagan elkartuko dira. Eibarko manifestazioa 17:00etan irtengo da, Amaña-Eibar tren geltokitik; Ermutik ere 17:00etan irtengo da, Cardenal Orbe Plazatik; eta Elgetakoa, berriz, 16:30ean abiatuko da, herriko plazatik. Antolatzaileek maskarillak eramateko gomendioa egin dute.

Antolatzaileek adierazi dutenez, “astelehenean Eibar, Zaldibar eta Ermuko kaleak hartu genituen zabortegian gertatutakoa argitzeko. Baina, Eusko Jaurlaritzaren jarrerak berdina izaten jarraitzen du. Lehentasuna langileak ateratzea izan beharrean, erantzule politikoen aurpegia garbitzea izaten ari da. Airearen kalitatea ona dela esaten badute ere, zabortegiak sutan darrai eta keak gure herriak estaltzen ditu. Azkenik, gertatutakoaren eta ondorioen azalpen argirik eman gabe jarraitzen dute“.

zaldibar mobilizazio kartel

 

 

Pedro Alberdi (Alberto Sololuzeren senidea):
“Instituzioek abandonatu egin gaituzte erabat”

zaldibar argitu019 Pedro Alberdi pankartaren eskuinaldean otsailaren 10ean, astelehenean, Eibarren egindako manifestazioan.

 

Alberto Sololuze eibartarra da Zaldibarko zabortegiaren lur-jausian desagertuetako bat. Senideek euren haserrea adierazi dute informazio faltagatik eta uste dutelako bilaketa lanetan ez dela ahal den guztia egiten ari. Pedro Alberdi Alberto Sololuzeren koinatua da eta berarekin izateko aukera izan genuen martitzenean.

- Zelan zaudete? Astelehenean Eibarren, Ermuan eta Zaldibarren herritarek emandako babesak indarra eman dizue mina hobeto eramateko?
Gu Eibarko manifestazioan egon ginen, eta benetan pozgarria izan zen erantzuna. Lagun, senide eta adiskideek aditzera eman digute gurekin daudela eta horrek egundoko aupada ematen digu. Kalera irten eta fuerte oihu egin Barinaga errudun, Arriola dimisión,… aspaldiko momentu onena izan da, dudarik gabe.

- Erakundeen aldetik informazio falta salatu duzue. Zer gertatu da? Nolakoa izan da harremana?
Erakundeek bilera batera deitzen dizutenean, lezioa ondo ikasita etortzen dira. Oso diskurtso eginak eta ikasiak dituzte eta haien jardunean korporatibismoa da nagusi. Gure lehentasuna gorpuak aurkitzea da eta lehenbailehen ateratzea; haiena, berriz, beste bat da, agian zabortegiaren etorkizuna.

- Eusko Jaurlaritzako ordezkariek Alberto eta Joaquin aurkitzeko medio guztiak jartzen ari direla esan dute, baina zuek borondate falta eta pasibotasuna salatu duzue…
Ia alferrikakoa da haiekin hitz egitea. Ez diegu ezer sinesten; hain zuzen ere, inork ez duelako bere erantzukizuna aitortzen eta ez dagoelako inolako aurrerapenik gorpuak bilatzeko eginahalean. Ahotik gauza bat esaten dute eta begiekin beste bat. Inon agertu al da Iñaki Arriola esanez: “Bai, zabortegiaren baimen horiek nik sinatu nituen eta dena nire errua izan da”? Ez dut uste horrelakorik ikusiko dugunik.

- Gertatutakoa saihestu zitekeela uste duzu?
Hondamendiak argi eta garbi frogatu du enpresak ez zituela bermerik oinarrizkoenak ere betetzen. Baina Eusko Jaurlaritzako Ingurumen saileko ikuskaritzak baimenak ematen zizkion behin eta berriz. Zergatik? Zer ari dira ezkutatzen? Hor ustelkeria dago, inolako zalantzarik gabe.

- Zuen beharren zerbitzura jarri dira? Laguntza psikologikoa, esate baterako.
Guretzat psikologo onena da gorpuak aurkitu dituztela esatea.

- Alberto eta Joaquinen bilaketa lanak behin eta berriro geldiarazi dituzte (eguraldia, lurraren ezegonkortasuna, amiantoa…) Zer uste duzu gerta daitekeela hemendik aurrera?
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak bere protokoloa ezarriko du, baina beraren lehentasuna bat da (laneko segurtasuna, beharbada) eta gurea beste bat: gorpuak lehenbailehen ateratzea.

- Hemendik aurrera zelako mobilizazioak aurreikusten dituzue?
Kalera jo beste erremediorik ez dugu, zeren instituzioek abandonatu egin gaituzte erabat. Esan bezala, ez dute beren erantzukizuna aitortu nahi, eta hori egiten ez duten bitartean, ez dituzte gorpuak aurkitzeko eta ateratzeko eginahalak egingo.

Astelehenean Eibarren eta Ermuan izandako manifestazien irudiak:

https://www.youtube.com/watch?v=XzgRRlhr5VQ&t=67s

https://www.youtube.com/watch?v=pz8gyDox9_c&t=1s