Mireia Alonso: “Debabarrena, edozeini erakusteko moduko altxorra”

Mireia Alonso: “Debabarrena, edozeini erakusteko moduko altxorra”
ETA KITTO 2021, Uzt 13

Debabarrenak, askori horrela ez iruditu arren, esperientzia bakarrenetakoak izateko abaniko dotorea eskaintzen du. Batez ere, ibiltzeko erreparorik ez duten bidaiarientzat. Jendea aldatu egin da eta gaur egun toki ikonikoak baino gehiago eskatzen du: benetakotasuna behar du, leku autentikoak aurkitzea du gogoko. Eta gure bailaran badago jendea horretan guztiz inplikatzen dena, euren onena ematen duena jendeak esperientziaz gozatu eta errepikatzeko gogoa izan dezan. Ez dago herririk kultura, gastronomia, kirola, geologia eta historia arloetako eskaintzarik ez duenik, turismo industriala ahaztu gabe. Gure eskualdeko herri guztien ezaugarria delako produktuari, tradizioari eta berrikuntzari eutsiko dien ahalegina egitea, egunero gainera.

Denbora luzean kalitatea ardatz zuen proiektu horretako partaide ere izan nintzen. Teknikerrera lehenengo aldiz joan nintzenean aholkulari paperean nindoan; eta, hain gertutik jarraitu nuen, maitemindu egin naizela aurrera egitea hain zail aurreikusten genuen sektoreak zelan lortu duen asmoak errealitate bihurtzea ikusterakoan.

Asko bidaiatu dut txikia nintzenetik eta horrek asko indartu nau kulturalki ere. Eta argi dut: aukera txikiena dudanean berriro ekingo diot. Baina une hauetan gure inguruneak eskaintzen digun segurtasunak alde batetik, eta gure betebeharrek bestetik, biek ere hemen geratzera behartzen gaituzte.
Profesional handiak ditugu, urte askotan egindako ahaleginari esker turismo jasangarriaren alde egiten duten enpresak osatu dituztenak. Debegesaren eskutik, eta Cristina Iturriagagoitiaren zuzendaritzapean, aukera izan nuen proiektu horiek ezagutzeko; beti ere, Krabelingo kudeatzaile gisa bertan inplikatuta nengoelako. 2002an inork ez zuen Debabarrena turismoarekin lotzen. Eta inork gutxik zekien Flysch-a zer zen, edo Geoparkea bera. Itsasoaz, mendiaz, gastronomiaz… gozatzen laguntzen diguten enpresarik ere apenas zegoen. Hobeto adieraziko dut: egon bazeuden, baina ez genituen baloratzen. Ezta eskaintzen zizkiguten baliabideak ere. Horregatik pozten nau hainbeste ahalegin haiek euren saria jaso dutela ikusteak.

Familiarekin esperientzia
Jarraian familian bizi izandako esperientzia partekatuko dut zuekin. Ez da denbora asko familiako batzuk Geoparkeko ingurunean egin ahal izateko moduko plana eskatu zidatela, eta kostaldeko eta barnealdeko tokien konbinaketaren alde egin nuen.

Zapatuan itsasontzia hartu eta Geoparkera egin genuen irteera, gero Lasturrera joan eta bertan ostatu hartzeko. Arratsaldearen bueltan Sakonetara jaitsi ginen, bertako marea behea aprobetxatzeko. Ezin pozago ikusten nituen guztiak, euretako batzuk oso argazki-zaleak ere badirelako, irudi bat bestearen atzetik, ez zioten klik egiteari laga… Ez sinestekoa! Gainera, han bertan toki paregabeak daude, bai bazkaltzeko, baita afaltzeko ere: Urberu, Txindurri Iturri, izen handiko Salegi bera, eta beste asko. Pena da orain Errota Berrira ezin joan izana… Maite nuen eta gogoan dut oraindik.

Domeka goizean Izarraitzera igo genuen, ibiltzea gustoko baduzue oso pasealdi erraza eskaintzen duen irteeran; Xoxotera ere heldu ginen (han aukera dago gure Pili maitagarriari gazta bat erosteko) eta mokadua hartu genuen bertako aterpetxean… Ez du preziorik!

Eta, kostaldea eta barnealdea batzen dituen bestelako konbinaketa bat nahi baldin badugu, Mutrikura begiratu dezakegu. Txikitatik diot “kariño berezia” Saturrarani, eta baita Mutrikuko kaiako igerileku naturalari ere, halakorik ez dago-eta. Gainera, badira urte batzuk itsasoko ura duten beste bi igerileku ere habilitatu direla, bertako hondartzaren ondoan. Han, beraz, guztiondako tokia dugu!

Bainualdi zoragarriak hartu ondoren Olatzeko bailarara jo dezakegu. Karstikoa dugu bera, ikusgarria, eta bertatik lasai pasiatzeko aukera eskaintzen diguna; Zelaieta jatetxean jateko aukera han izango da (ez galdu bertako odolostea, edo tripotxa-tortila, jateko aukera). Denborarekin antolatzen bagara, “Karst-eko zaporeak” bisitaldia ere egin dezakegu, Geoparkean; hor Goienetxe baserria bisitatuko dugu, bertako artaldea ikusi eta gaztak dastatu… Sagarminako txakolia, Goxariko izozkiak… Piperren txokoan afaltzeko. Zenbat opari! Eta Galdonara igota, gero menditik jaitsi gaitezke berriro Mutrikura.

Badago aukera baita Flysch-eko itsasontzia hartu eta Deban geratzeko ere. Edo oinez, pasealeku berritik joanda, bertatik ubide ibilbidea hartu eta Lasturrera joateko. Han aukera dugu zaldian ibiltzeko, artile-tailerra egiteko, paint-ballean jokatzeko… Eta zer diozue Lasturren jateari, edo kapea bat botatzeari? Lo bertan egiteko aukera ere badugu. Debara jaitsi nahi badugu, Bordatxon egin dezakegu otordua, edo Calbetonen (sukaldean artista dela erakutsiko digu Agustinek, gure gozamenerako). Arratsaldea aprobetxatu eta Itziarrera igo dezakegu, eta Salegin afaldu. Gastronomia maila goreneko tenplua da; ez du izarrik dagozkionak oraindik ez direlako asmatu. Bodega ikusgarria, chef bikainak eta ezin hobeto gidatutako jangela. Genero paregabeena izateaz gain, inoiz ikusi dudan sukalderik modernoena dute, baina tradizioari ere errespetu itzela da erakusten diotena. Askotariko fritoak, parrillan egindako arraina edo okela eta, nahi baduzue, gaur egungo sukalde-plater berri bat dastatu txakoli bikainaz lagunduta… inguruneko zerbitzu eta mahai onenak lagun ditugula. Kanalan lo egin daiteke eta, goizean goiz jaikita, Sakonetara jaitsi eta flysch-a ikusi marea behean dagoela.

Herriz herri, geratu barik
Imajinatu, bestela, Mendarora zoazela eta Chocolates de Mendaroko “ipuinetako” dendan sartzen zarela, gero Kilimon albotik pasiatzeko; eta luxu handienarekin jan nahi baduzu, hor duzu Landa zain. Hori bai pribilegioa, benetako bidaiariarentzat behintzat.

Hurrengo egunean Elgoibarrera joan zaitezke. San Lorenzo, San Roke, Karakate eta Dolmenen Ibilbidea zure zain. Lizasagar sagardotegi berriak ere etxeko produktu bikainenak eskainiko dizkizu. San Miguelera igotzen bazara, Josu Mugerza eta Xabier Albizuk zure eguna ametsa bihurtuko dute: Belaustegik gure joan-etorriek merezi duten atsedena eskainiko dizue. Hor dugu San Pedro bera ere. Gaua Elgoibarren pasatzen baduzue, esaterako, San Pedrotik abiatu eta, di-da batean, Arraten izan ahal zarete. Han gerra zibileko interpretazio museoa ikusteko aukera izango duzue, tiro-zelaian tiro batzuk botatzeko parada ere izango dute zaletuek, eta Kantabrian jan dezakezue. Sukalde tradizionaleko tenplua dugu hau ere, Maite eta Loreak eskaintzen diguten gertuko tratu familiarrarekin. Behin Santutegia bisitatu ondoren, Santa Kurutzera jaitsi daiteke bat, bertako zelaian atsedentxoa hartu eta, Madiola Gaiñekuan gazta bat erosi eta gero, Ixuan lo goxo-goxo egiteko. Edo Eibarrera jaitsi, eta Sosolan lo egin, Eibarren gozatzeko afaltzeko ordua iritsi arte. Horko aukerak ez dira gutxi: Baratze, Ongi Etorri, Casino… berriro igo eta, Esther Gisasola lagun duzuela, etxeko patxaranaz gozatu eta gure kulturan bustitako afaldu-ostekoarekin disfrutatzeko. Goizean jaikitzean, joan aurretik, ez ahaztu postre bat erostea, edo ogia, edo gazta. Bertako gosariak eta eguna argitzean Eibar ikustea… bezalakorik ez dago.

Industriaren Museoa ere hor duzue zain. Eta menditik abiatuta, Ermura jaitsiko gara. Hor pintxoz pintxo egiteko aukera bikaina duzue, metro karratuko goi mailako prestatzaile hoberik ez dagoelako inon. Hori bai palmaresa: Sagarra, Giroa, Amatxi, Mendiola, Jai… Nik aukeratuko nituzke! Eta euretako batzuetan ere jan daiteke. Hortik, Berano Txikitik, Mañera joan gaitezke, eta bertan afaldu, eta ostatu hartu. Panoramika bikainak eskainiko dizkigu, ikusi ditudan onenetakoak. Eta berriro galduko zarete, eskainiko dizueten gozogintza ikusgarriarekin; ez ahaztu anisadun erroskilla txikiak eramatea. Ez duzue ahaztuko, ezta, egurrezko-labatik irteten dena ere. Mallabia ere hor dugu, aldamenean. Bere inguruetako mendietan pasatu dezakezue eguna eta gero ostatu hartu ere; eta baita Axelekuko gazta erosi, behiarena.

Soraluze ezin dugu ahaztu, “zatarragoa” badirudi ere aspaldiko etxe batzuen eta eliz zoragarriaren jabe ere badelako. Egotzako ahuntz-gaztak izen handia du eta hainbat toki aurkeztuko dizkizue jateko; bertako eskaintza gastronomikoak ezuste bat baino gehiago ekarriko dizue, onerako jakina.

Hemen azaldu dizkizuedan aukera guztiak oinez egiteko parada eskainiko dizue, beti ere ostatu hartzeko tokiak aurretik lotuta badituzue. Eureko bidaliko dizuete maletak taxian toki batetik bestera… eta merkeago.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »