Pertsona Nagusien Hamabostaldia antolatu dute maiatzerako, bi urteko etenaldiaren ondoren

Pertsona Nagusien Hamabostaldia antolatu dute maiatzerako, bi urteko etenaldiaren ondoren
2022/04/22 eta kitto!
Pandemia dela eta, azken bi urteotan bertan behera laga behar izan den Pertsona Nagusien Hamabostaldia itzuliko da aurten, gaur goizean udaletxean egin den prentsaurrekoan adierazi dutenez. Ekimenaren XXVII. edizioa maiatzean zehar egingo da, ohiko ekitaldiekin: hitzaldiak, emanaldiak, txangoak, lehiaketak eta beste hainbat ospakizun antolatu dituzte.

Programazioaren berri emateko agerraldian Jon Iraola alkateak, Idoya Sarasketa Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi eta Adinekoen Batzordeko buruak eta Biztu Jubilatuen eta Pentsionisten Koordinakundearen presidenteak, idazkariak eta jarduneko diruzainak hartu dute parte.

“Kirola eta osasuna erretiroa hartu ondoren” goiburuari jarraituko dio Nagusien Hamabostaldiak eta apirilaren 28an hasiko da, inaugurazio-ekitaldi batekin, 11:30ean, Udalbatza aretoan. Bertan, Ipurua, Urki, Beheko Tokia eta Untzagako etxeetako presidenteek hartuko dute parte. Gainera, ekitaldi horretan, Julián Gómez Gorputz Hezkuntzako lizentziadunak pertsona nagusiak eta jarduera fisikoari buruzko hitzaldia emango du. Amaieran, Untzagako gitarra-taldeak joko du eta bertaratutakoei piskolabisa eskainiko zaie.

Aurkezpen-jardunaldi horren ondoren, lehenengo jarduera maiatzaren 2an izango da: Elgoibar eta Eibar artean ‘Luis Muguerza Memoriala’ izeneko ibilaldia egin eta gero, Azitaingo Oinarrizko Lanbide Heziketa Udal Institutuan piskolabisa eskainiko zaie parte-hartzaileei.

Maiatzaren 4an, berriz, bizitza-ohitura osasungarriak izango ditu hizpide José María Vaquero medikuak, Untzaga jubilatu etxean, 18:30ean.

Maiatzaren 5ean beste hitzaldi bat emango du Onorio Martínez Eibar Kirol Elkarteko medikuak: Adinekoen jarduera fisikoaz eta nutrizioaz arituko da berbetan, Beheko Tokian, 18:30ean.

Maiatzaren 6rako Suancesera txangoa antolatu dute. Irteera 08:00etan izango da eta prezioa 27 eurokoa, pertsona bakoitzeko.

Maiatzaren 9an txapelketa bi izango dira, bata igel-tokakoa, eta bestea mahai-jokoena (tutea, mus eta briska). Biak Ipuruako etxeanjokatuko dira, lehena 12:00etan eta bigarrena 17:00etan.

Maiatzaren 11n, Pili Arinek “Erretiroa eta sasoian jarraitzea” izenburuko hitzaldia emango du Ipuruako jubiletxean, 18:30ean.

Eta, Hamabostaldia agurtzeko, maiatzaren 13an bazkari-omenaldia egingo da Unzaga Plaza hotelean, musika eta dantzaldiarekin. Aurretik, 12:30ean, meza egingo da, Eibarko lau jubilatu etxeetako eta Biztuko hildakoen alde. Bazkarira joan nahi dutenek maiatzaren 4ra arte eman dezakete izena eta prezioa 28 eurokoa da.