Senideen garrantzia azpimarratu nahi duen “Buru osasunaren zaindariak” kanpaina aurkeztu du Agifesek

0    Gizartea 
ETA KITTO ETA KITTO
Senideen garrantzia azpimarratu nahi duen “Buru osasunaren zaindariak” kanpaina aurkeztu du Agifesek
ETA KITTO 2021, Eka 01

Agifes Buru Osasun Arazoa duten Pertsonen eta Senideen Gipuzkoako Elkarteak “Buru osasunaren zaindariak” kanpaina abiarazi du, buru osasuneko arazoak dituztenen senideen papera azpimarratzeko. Horrela, ekimen berriarekin, familiak eta gertukoek buru osasunaren zainketan duten garrantzia aitortu nahi dute. Izan ere, Ruth Encinas Agifeseko gerentearen berbetan, “pertsonen ongizate psikikoaren funtsezko euskarri dira, eta are gehiago arazo psikikoak dituzten pertsonen kasuan”. Familien rola azpimarratzeaz gain, Gipuzkoako elkartearen arduradunak gogora ekarri nahi duenez, “Zalantzarik gabe, gizarte, osasun eta erakunde-esparruetatik eskaintzen ditugun buru osasuneko programak eta zerbitzuak oinarrizkoak dira, baina ez dugu ahaztu behar osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonei egunero laguntzen dietenen zeregina. Hain zuzen, hurbileneko senideak dira buru nahasmendua duten pertsonen errekuperazio prozesuaren zutabe nagusietarikoa”. Hori dela eta, “haien zaintza eta ongizatea hobetzeko baliabide eta programa gehiago” eskaintzearen alde lanean jarraitzeko prest daude. Kanpainaren aurkezpenean esandakoaren arabera, azken urte honetan, itxialdi garaietan batez ere, “familien eginkizuna are nabarmenagoa izan da, bai eta haien laguntza-beharra ere”.

Buru osasuneko arazoak dituen pertsona baten senide eta Agifeseko zuzendaritza-batzordeko kide den Rosalia Sanchezek, , 1986ko Erreforma Psikiatrikoaz geroztik elkarte-mugimenduak izan duen garrantzia azpimarratu nahi izan du: “Aurrerapen handia izan zen, buru osasuneko arazoak zituzten pertsonak sistematikoki giltzaperatzeari utzi ziotelako, baina, aldi berean, babesik gabe geratu ziren familia ugari. Horietako asko antolatu egin behar izan ziren Administrazioak eskaintzen ez zituen zerbitzu komunitarioak sortzeko. Horiek, gaur egun, erantzukizun publikoko oinarrizko zerbitzuak dira”.

Orain dela egun batzuk aurkeztutako kanpaina 2021ean eta 2022an zehar garatuko da, eta hainbat fasetan banatuko da. Lehenengoa aurkezpen ekitaldian bertan hasi zen, hiru protagonista aurkeztearekin batera: “Osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen senideak dira, eta datozen asteetan euren esperientziaren berri emango digute, buru gaixotasunari aurre egin eta nahasmendua duen senideari ahalik eta hoberen laguntzeko ikasitakoa partekatuz”. Rosalía, Ramón eta Gurutze “kapa berdearekin ageri dira, gure iruditegiko superheroiei keinu eginez. Beren superboterea, gure gizarteko pertsona askorena bezala, buru osasuneko arazoa duten senitartekoen euskarri izateko, haiei lagundu eta zaintzeko, gaitasuna da; ez gehiegizko babesetik edo heroitasunetik, baizik eta beren senidearen prozesua ulertu eta errespetatzetik”, adierazi zuten.

Datozen hilabeteetan, Agifesek hainbat ekintza egingo ditu, “hala nola kartelak eta bideoak, lehen pertsonan egindako testigantzekin, familiarteko komunikazioa eta ongizatea hobetzeko jarraibide profesionalekin eta ondoez psikikoa duen pertsonari laguntzeko aholkuekin”. Horrekin batera, komunikazio eta sentsibilizazio-ekintza ugari egingo ditu bere sare sozialen bidez, eta Gipuzkoako hainbat herritan hitzaldiak eskainiko dituzte. Era berean, buru osasunari buruzko argazki-lehiaketaren edizio berria jarri du abian, bai eta Kazetaritza eta Buru Osasuna Sariak ere. Azken horiek errespetuz eta arduraz landutako informazioak aintzat hartu, eskertu eta komunikabideek duten erantzukizuna azpimarratu nahi ditu.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »