Igandeko zuhaitz landaketan parte hartzeko deia egin du Eibarko Baso Biziak elkarteak

Igandeko zuhaitz landaketan parte hartzeko deia egin du Eibarko Baso Biziak elkarteak
2022/10/17 11:31
eta kitto!
Denboraldiari hasiera emateko, Eibarko Baso Biziak elkarteak zuhaitz landaketa handia antolatu du igande honetarako (hilak 23) Elgoibarko Baso Biziak eta Soraluzeko Baso Biziak elkarteekin batera. Ekimena Irure-Illordo inguruan egingo da (Eibar eta Soraluze artean). Eibarko elkartetik adierazi digutenez, "Soraluze eta Eibar artean ia 14 hektarea eskuratu ditugu lur lagapenaren bidez. LURGAIA Fundazioarekin lortutako akordioari esker, aurrerantzean landaketak eta bestelako balio pedagogikoak edota teknikoak dituzten ekimenak egingo ditugu elkarrekin". Horrez gain, Kutxa Fundazioaren babesa daukate.

Boluntarioak 09: 30etan daude deituta Soraluzeko poligonoko zubian. Uretako edo mendiko botak, arropa erosoa eta euritik babesteko tresnak eraman beharko dituzte (meteorologiak laguntzen ez badu). Ura eta hamaiketako eramatea  gomendatzen dute.

Ekimenarekin bat egin nahi dutenez aurretik izena eman beharko dute, eta horretarako hiru helbide elektroniko daude: soraluzekobasobiziak@gmail.com, eibarkobasobiziak@gmail.com eta infolurgaia@gmail.com