Zuhaitz landaketa egin zuen Eibarko Baso Biziak taldeak abenduaren 3an

Zuhaitz landaketa egin zuen Eibarko Baso Biziak taldeak abenduaren 3an
2022/12/07 eta kitto!
Eibarko Baso BIziak  taldeak, Soraluzekoekin eta LURGAIArekin batera, zuhaitz landaketa egin zuten abenduaren 3an Eibarko lurretan dagoen Illordo eta Topinburu arteko 3 hektareako lursail batean. "Nahiz eta eguraldi makurra espero genuen, landaketa garaian euriak beste alde batera begiratu zuen eta samurrago sartu ahal izan genituen 400 landare. Gure Baso Bizien filosofiari jarraituz hainbat espezie aldatu genituen, hala nola haritza, elorri zuria, elorri beltza, makatza, sagarrondoa, urkia, hostozuria… inoiz ez lerrokatuta, baizik eta Naturan berez aurkitu daitekeen baso baten irizpideei jarraituz; honekin esan nahi dugu hemendik hamar urtera, demagun, ezezagun bat inguru horretan pasatuko balitz ez lukeela antzeman behar landaketa batean dagoela".

Ekimen hau urriaren 23ean  Soraluzeko lurretan egindakoaren jarraipena da, LURGAIArekin eta Soraluzeko Baso Biziarekin batera, auzolanean. Egun hartan 100 lagunen artean 625 zuhaitz landatu zituzten, beraz, "2022a 1.000 zuhaitz ingururekin joango da; ez da marka makala!", adierazi dute. "Oraindik ere lursail gehiago dauzkagu inguru horietan, izan ere, bertako jabeak 14 hektarea utzi zizkion, lagapen modura, LURGAIAri berak kudeatu ditzan Baso Biziak taldeekin. Lan bateratua eta emankorra izan da eta izango da aurrerantzean ere, denon partaidetzarekin", diote.

"Lana egiterako orduan BELLOTA enpresaren erremintxekin aritu ginen eta lurra  bustia eta biguna zegoenez asko erraztu zuen. Bukatu ostean, San Salbadorrera itzuli eta mokadu batzuk hartzeko aukera izan genuen estalpean. Giroa aparta izan zen eta indarra hartu genuen, berriro ere, hurrengo ekimenetan parte hartzeko. Jarduera hauek ezinbestekoak dira Lurrarekiko eta gure arteko harreman zuzena gauzatzerako orduan, adin guztietakoak elkarrengandik ikasteko eta gure asmoak eta jakintza partekatzeko", esan digute Ebarko Baso Biziak kideek.

2023an ekimen gehiago izango dituzte  eta herritarrak animatu nahi dituzte eurekin batera parte  hartzeko "Baso Bizien alde, pausuz pausu".

Baso biziak1 baso biziak2 baso biziak3