Iran eta Euskal Herria, bi herrialde ditu Behroozek

Iran eta Euskal Herria, bi herrialde ditu Behroozek
2023/03/03 eta kitto!
Zenbat entzun dugun Irani buruz eta zer gutxi dakigun herrialde persiarrari buruz. Batzuetan onak gara ez dakigunaz berba egiteko, baina lasai, artikulu honetan Iran hobeto ezagutuko dugu Mohammadreza Vakiliri esker. Teheranen jaio zen, Irango hiriburuan, eta Behrooz ezizena jarri zioten jaiotzerakoan. “’Beh’ silabak onena esan nahi du eta ‘rooz’-ek eguna. Gatxizenak esan nahi du egun bakoitza onena izango dela, gutxi gorabehera, eta baita zorte handia duen pertsona”. Behrooz Teherango biztanle bat gehiago zen 15 milioi lagunen artean, hiriburuaren iparraldean bizi zenean. “Alborz mendilerroa begi-bistan nuen”. Berak ez du eskiatzen, baina ping-pongean nahiko ona dela dio. Dena dela, hiriburutik hurbil dauden mendietan jende asko ibiltzen da eskiekin maldan behera.

 

Lau estazio egun berean

Iran herrialde handia eta anitza da, baita klimari dagokionez ere. “Sasoi honetan, urteko estazio guztiak bizi ahal ditugu egun berean”. “Hegoaldean uda giroa dago, mendebaldean negu gorria, iparraldean (Teheranen) hemen egiten duen antzeko eguraldia dago”. “Irango iparraldea, adibidez, Euskal Herriaren antzekoa da, berdea eta menditsua, eta kosta du”, dio Kaspiar itsasoa aipatuz, “horregatik gustatzen zait hainbeste Eibar eta Euskal Herria”.

 

Euskal Herriaz maiteminduta

Iranek tirabira askoko harremana bizi du AEB-rekin eta horrek asko baldintzatzen du hango bizimodua, batez ere Donald Trumpen gobernuak ezarritako zigorren ondorioz. “Nire bizitza beste herrialde bateko presidente baten erabakien mendean dago”, dio Behroozek. Egoera horretan, Euskal Herriaz maitemindu zen telebistaren bitartez eta etortzea erabaki zuen. Gainera, ingeniari mekanikoa da eta asko daki makina-erramintaren inguruan. Beraz, Euskal Herria toki perfektua zen berarentzat. “Zortea izan nuen bisa lortzeko eta orain dela hiru urte etorri nintzen”, diosku. IMH-n masterra egiten dihardu orain eta amaitzerakoan lanean hastea da bere helburu nagusia. “Horretarako, euskara ikasten dihardut, baina ez dut nahi euskaldun bat gehiago izan, beste barik, zerbait gehiago eman nahi diot euskal gizarteari, ekarpenak egin”.

 

Talka kulturala

Behroozek Euskal Herria maite du, hemen bizi nahi du, baina egokitze prozesua ez du erraza izan. “Asko gustatzen zait gauza berriak ezagutzea eta esperientzia berriak bizitzea, baina hasieran talka kulturala igarri nuen eta hainbat gauza ulertzea kostatu zitzaidan. Poliki-poliki egokitzen joan naiz eta konturatu naiz ni ohitu behar naizela hemengo gizartera eta ez alderantziz”. Hala ere, harremana norabide bietan elikatu behar da eta bizikidetza egokia lortzeko gizarte euskaldunak bere burua gehiago zabaldu beharko luke Behrooz bezalako pertsonak jasotzeko eta ezagutzeko. “Jendea bere jatorriagatik, kulturagatik edo erlijioagatik bereiztea ez zait gustatzen. Nire laguna bazara, beti izango duzu nire babesa”.

 

Elikagai hotzak eta beroak

Iran historia luzeko herrialdea da eta kultura eta ohitura ezberdinak dituzten biztanleak ditu: arabiarrak, kurduak, armeniarrak… Horrela, gastronomia aberatsa du, mota askotako jakiekin. Hemen erabiltzen ez diren osagaiak erabiltzen dituzte eta Behroozek igarri du aldaketa zentzu horretan. “Asko argaldu naiz”, dio umoretsu. Bere jaioterriko janariak prestatzen saiatzen da, nahiz eta osagai batzuk ez aurkitu. Hemengo jakiak gustatzen zaizkion arren, ez du ulertzen gauza batzuk nola jaten ditugun. “Guretzat elikagai hotzak eta beroak daude, tenperaturarekin zerikusia izan gabe”, bere berbetan. “Adibidez, zuek lehenik arraina jan dezakezue, guretzat elikagai hotza dena, eta gero, postrean, yogurra, beste elikagai hotz bat. Elikagai hotz gehiegi jateak sabelean kalte egiten du”. Horregatik, bere ustez, elikagai beroak (piperrak, azukrea edo txokolatea, adibidez) elikagai hotzekin uztartu beharko lirateke oreka lortzeko.