Eibar KEren akziodunei ahotsa eman nahi die Beti Eibar elkarteak

0    Kirolak 
ETA KITTO ETA KITTO
Eibar KEren akziodunei ahotsa eman nahi die Beti Eibar elkarteak
ETA KITTO 2022, Ira 16

Uztailean Beti Eibar – Eibar Forever elkartea aurkeztu zuten, Eibar KEren akziodun batzuen ekimenez. Mundu osoan sakabanatuta dauden akziodunei ahotsa emateko asmoz sortutako ekimena da, klubaren alde eginez. Uda atzean lagata, martxa betean dago taldea eta Aitor Moya, Ainhoa Ormaetxea eta Ion Aranburu kideek egitasmoaren berri eman digute.

 

Eibar KEren gizonezkoen talde nagusiak ondo hasi du denboraldia eta, aurreko denboraldiko bideari jarraituz, goiko postuetan dago sailkapenean. Iazko atsekabeak ilusioari egin dio tokia poliki-poliki eta, asteleheneko partiduan ikusi zen bezala, zaleek taldearekin daudela erakusten dute, garaipenean zein porrotean.

Eibarrek zalego sendoa izan du beti. Kopuruan txikia foballeko klub erraldoiekin alderatuz, baina menderaezina. Gaur egungo Eibar KE ez da orain dela bederatzi urtekoa bezalakoa, Lehen Mailan zazpi denboraldi pasa ditu eta, klubaren egitura eta baliabideak guztiz aldatzeaz gain, askoz ere ezagunagoa da munduan zehar eta zale gehiago gehitu dira familia armaginera. Baina, gauzak horrela, taldearen arimari eustea da eibarzale gehienen helburua.

Zentzu horretan, eta Lehen Mailara igotzerakoan klubak akziodunak bilatzeko egindako kanpaina masiboa kontuan hartuta, Eibar KEren akziodun talde batek Beti Eibar plataforma sortu du. “Kapital hazkundea egin zenean klubaren akzioak zati askotan banatu ziren mundu guztian zehar, gehienezko kopuru bat zehaztuta, inork ez zezan boterea pilatu. Ondo pentsatuta dago hori nire ustez”, diosku Ion Aranburu; “baina, era berean, akzioak oso sakabanatuta daudenez, ez da erraza akziodun guztiei hitza ematea eta, gainera, baliteke, akzio kopurua txikia izanda, erabakiak hartu behar direnean jendeak paso egitea, pisu handirik ez dutela pentsatuz. Adibidez, azken Akziodunen Batzarrean ikusi zen akziodun kopuru handi batek ez zuela parte hartzen”.

Eibar KEk 11.000 akziodun inguru ditu gaur egun. “Euretako asko klubari laguntzeko egin ziren akziodun. Batzuek klubaren jarduna jarraitzen dute, baina beste batzuk ez dakite egunerokotasunean zer gertatzen ari den. Zentzu horretan, ez dakit gardentasun edo informazio falta den, baina nahi duguna da jendeak kluba zertan dabilen jakitea”, esan digu Aitor Moyak. Horregatik sortu dute elkartea.

Esan bezala, Eibar KE aldatu egin da azken urteotan, eta Beti Eibar elkarteak uste du horrelako ekimen bat falta zela klubaren inguruan, klubaren eta zaleen arteko lotura estuari eutsi nahi bazaio behintzat. “Eibarren interesen alde egingo dugu beti, klubaren parte den edonork izan ditzakeen interes pertsonalen aurka eta klubaren ohiko kudeaketari balio erantsia eskainiz”, aipatzen du Beti Eibarren aurkezpeneko txostenak.

 

Inoren aurka, Eibarren alde

Beti Eibarreko kideak jakitun dira elkartearen sorrerak hainbat galdera sortu dituela eibarzaleen artean eta gauzak argi laga nahi dituzte hasieratik. “Jendeak uste du egitasmo hau iazko desilusioaren harira sortu dela, baina ez da horrela, orain dela urtebete baino gehiago ari ginelako hau guztia martxan jartzen”, azaldu digu Moyak. “Hau ez da inoren aurka joateko, ezta berotasun kontua ere”.

Era berean, elkarteko kideek argi laga nahi dute hau ez dela klubaren zuzendaritzan sartzeko edo hauteskundeetara aurkezteko mugimendu bat. “Klubaren zuzendaritzan dagoena dagoela, akziodunen berbak entzunak izateko sortu dugu elkartea, irauteko asmoarekin”, argitu digu Ainhoa Ormaetxeak.

Eta Eibar KEk nola hartu du Beti Eibar plataformaren sorrera? “Uztaileko aurkezpena egin baino 2-3 egun lehenago Amaia Gorostiza presidentearekin eta Jon Ander Ulazia kontseilari nagusiarekin bilera egin genuen eta esan ziguten ez zutela ikusten horrelako erakunde baten beharra”, esan digu Moyak. “Agian hasieran pentsatu zuten euren aurka egingo genuela, baina gure asmoa ez da hori”, diosku Ormaetxeak.

Moyak dio Beti Eibar erreminta ona izan daitekeela Eibar KEren zuzendaritzarako. “Ikusten dugu akziodunei ez zaizkiela iristen klubaren egunerokoan gertatzen diren gauzak eta gu prest gaude lan hori egiteko”, azaldu digu. “Gainera, guk geuk ere hiru hilabetean behin txostena bidaliko diegu taldeko kideei egin duguna azalduz. Horrelako zerbaiten falta igarri dugu klubean”.

Iritzi berekoa da Aranburu. “Beti Eibar tresna aberasgarria izan daiteke Eibar familiarentzat. Gainera, zuzendaritzak tanto bat apuntatzeko aprobetxatu dezake aukera, akziodunei entzuten diela erakutsiz”, diosku.

 

Akzioak batzen

Abuztua tartean, Beti Eibar polikipoliki doa bere egitasmoa ezagutzera ematen, baina taldeko kideen berbetan, “eibarzaleek gogoarekin hartu dute egitasmoa”. Azaldu digutenez, “70-75 lagun gehitu dira elkartera”.

Beti Eibar elkarteak akziodun guztien iritziak jaso nahi ditu, “50 akzio edo bakarra izan”, eta elkartearen barruan kide bakoitzak boto bat izango du. Gainera, egituraren barruan hainbat talde osatu dira arlo ezberdinak lantzeko (zuzendaritzaz gain, marketing- eta komunikazio-taldea dute, akziodunak bereganatzeko taldea eta teknologiaz arduratzen dena).

Gaur egun akziodunen datuak jasotzen ari dira, kideak batzen, baina horrek ez du esan nahi gero elkarteak, nahi duena egingo duenik jasotako akzioekin. “Erakundeak pisua hartuko du akzioak batuz, baina Eibar KEren zuzendaritzari zerbait igorri aurretik kideen artean adostu behar dugu puntu hori aurrera eramango dugun ala ez”, azaldu digu Moyak.

Orain, bultzakada emango diote ekimenari eta, tarteka, informazioa eskaintzen ibiliko dira Ipurua foball zelai inguruan neurketa egunetan. Gainera, Coliseoan ekimenaren berri emateko saioa eskaintzeko asmoa dute eta, bestela, betieibar.eus webgunean elkartearen inguruko informazioa dago eta sare sozialetan euren inguruko jardunaren berri ematen dute.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »