Franco Maggiolo, munduan zehar errugbiari esker

Franco Maggiolo, munduan zehar errugbiari esker
ETA KITTO 2020, Abe 07

Franco Maggiolo Temperley izeneko herrian jaio zen, Buenos Aires probintzian, Argentinako hiriburutik 20 kilometrora. “Lantzean behin Buenos Airesera joaten nintzen, tramiteren bat egitera, gauez irteteko edo horrelako zerbait, baina Temperleyn egiten nuen bizitza”, azaldu digunez. “Han jendea arrapataka bizi da, hemengo bizimodua lasaiagoa da”, bere ustez.

 

Pucara Kluba bihotzean

Ezin da Francoren bizitzaz berba egin errugbia aipatu barik. 9 urte zituenetik jokatzen du errugbian eta kirol horri esker ezagutu dugu Eibarren. Argentinan eta hemen, ordea, errugbia ez da berdin bizi. “Han pasio gehiagorekin bizi da”, bere iritziz. Argentinan jokatu zuen urteetan, Pucara Klubean ibili zen, beti leial. “Errugbia kirol amateurra da Argentinan. Jendeak eskolatik edo lanetik irtetean jokatzen du. Gainera, jokalariek dena eman behar dute, bestela beste jokalari batek hartuko baitio tokia taldean. Demaseko lehiakortasuna dago”, kontatzen duenez. Horren erakusle da bertako selekzioaren maila handia, orain dela hilabete Zeelanda Berriari irabazi ziona. Francok gazte mailako selekzioan jokatu zuen, baina ezin izan zuen Pumekin debuta egin.

 

Italiar herritartasuna

Francok beti izan zuen atzerrian jokatzeko gogoa eta, “Argentinan lanpostu ona izan arren”, Brasilera joan zen errugbian egitera. “Rio de Janeiro inguruan jokatu nuen urtebetez eta, gainera, errugbiaren bitartez komunitateetan laguntzeko proiektu batean ibili nintzen. Oso esperientzia ona izan zen”, esan digunez. Gero, Coritiban jokatu zuen sei hilabetez eta, ondoren, Europako abentura hasi zuen. Jatorri italiarra izanik, Francok italiar nazionalitatea eskuratu zuen eta horrek hainbat ate ireki zizkion. “Ipar Irlandan jokatzeko aukera eman zidaten”, dio. Birritan pentsatu barik, maleta egin eta Belfastera joan zen. “Maila handiko errugbia jokatzen da han eta gozatu egin nuen”, dio. Urtebete egin zuen han eta, gero, Zaragozako Fenix taldeak fitxatu zuen, baina bi hilabete besterik ez zituen iraun han. “Ez nuen espero nuena aurkitu”, dioenez. Ingalaterrara joan zen gero, Londres ingurura. “Etxea eman ziguten eta partiduak irabazteagatik diru-sariak ere bai. Gainera, lorezain bezala egin nuen lan Londresen”, gogoratzen duenez. Handik Eskoziara joan zen, baina Zaragozan bizitako antzeko esperientzia bizi izan zuen eta Eibarren zegoen Mauro Amor lagunari esker hona iritsi zen. Azkenean, bere tokia aurkitu du hemen. “Hori bilatzen nuen, bizitzeko toki bat”, dio pozik.

 

Errugbiaz bizitzen

Errugbiaz bizitzea zaila izango zela pentsatzen zuenez, heziketa fisikoko irakasle izateko ikasketak egin zituen Argentinan. Ondo egin zuela esan daiteke, baina bere ustea okerra zen, errugbiak ematen diolako jaten orain. Izan ere, Eibar Rugby Taldean jokatzeaz gain, taldearen prestatzaile fisikoa da eta, beraz, klubeko langilea. Joan den asteburuan denboraldiko lehen garaipena lortu ondoren, taldeak lan asko egin behar du oraindik, baina Franco itxaropentsu da. “Atzerriko hainbat jokalari fitxatu ditugu eta taldearen maila igotzea espero dut”, dio.

 

Argentinarengatik arduratuta

Eibarren gustora bizi arren, etxekoen falta du Francok, “batez ere pandemia-sasoi berezi honetan”. “Gurasoak etortzekoak ziren, baina pandemiaren ondorioz ezin izan dute”, esan digunez. Francok urteak daramatza Argentinatik kanpo bizitzen, nahiz eta lantzean behin joan ahal izan den. Hala ere, hango egoera ez zaio erakargarria egiten. “Pandemiaren ondorioz dena geldirik egon da, egoera ekonomikoa ez da batere ona eta ezagutzen dudan jende askok alde egin nahi du”, bere berbetan. Lagunak Eibarrera badatoz, trankil egon daitezela, matea edaten jarraitu ahal izango dutelako. “Hemen matea erosi daiteke. Hala ere, lehen gehiago edaten nuen, orain ez dut ia denbora librerik eta matea edateko denbora behar da, erritual bat delako”, dio Francok. Hori bai, pandemia-sasoian, bakoitzak bere matea edan dezala, partekatu barik.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »