Gaur 18:00etan zabalduko dute JD Arrate eta Eibar Eskubaloiaren argazki historikoen erakusketa Errebalen

Gaur 18:00etan zabalduko dute JD Arrate eta Eibar Eskubaloiaren argazki historikoen erakusketa Errebalen
2022/05/20 eta kitto!
Gaur arratsaldean, 18:00etan inauguratuko dute Eibarko eskubaloiaren historia iruditan jasotzen duen erakusketa, Errebal Plaza eraikinaren 1. solairuan (goiko aldetik, El Casco zegoen tokiaren pareko atetik sartu behar da). Gaurtik hasita eta maiatzaren 26ra bitartean, 11:00etatik 13:00era eta 18:00etatik 20:00etara egongo da ikusgai JD Arrateren 75. urteurrena (1947) eta Eibar Eskubaloiaren 10. urteurrena (2011) ospatzeko antolatu duten erakusketa. Ondoren, maiatzaren 27tik 31ra bitartean Ipurua kiroldegiko sarrera nagusian ikusteko aukera egongo da.

Erakusketa prestatzeko hainbat erakundek eta pertsonak utzitako argazkiak batu dira. Are gehiago, antolakuntzatik adierazi dutenez, "ongi etorriak izango dira etor daitezkeen ekarpenak, oso baliotsua izango den funts historiko baten parte izango baitira". Eskubaloiko irudiez gain, JD Arrate-ren hasierako irudiak ere (foball, atletismo edo urpekaritza klub gisa) ikusi ahal izango dira Errebalgo aretoko telebista pantailetan.