Herrialde ezberdinetatik etorritako 67 taldek hartuko dute parte asteburuan Unben jokatuko den Jugger Mundu Txapelketan

0    Kirolak 
ETA KITTO ETA KITTO
Herrialde ezberdinetatik etorritako 67 taldek hartuko dute parte asteburuan Unben jokatuko den Jugger Mundu Txapelketan
ETA KITTO 2023, Uzt 18

67 taldek eta 600 jokalari baino gehiagok hartuko dute parte asteburu honetan Unben jokatuko den Jugger 2023 Mundu Txapelketan (World Club Championship). Bi urtean behin egiten den munduko jugger ekitaldirik handiena izango dena hiru egunetan, barixakuan, zapatuan eta domekan jokatuko da eta, estatu mailan, Eibar izango da txapelketa hau hartuko duen lehen hiria.

Jon Iraola alkateak eta Rousse Garcia Arima Galduak Eibarko Jugger kirol-taldeko presidenteak aurkeztu dute ekitaldia gaur goizean, udaletxean egindako prentsaurrekoan. Esan dutenez, hitzordu honek interes handia piztu du eta munduko herrialde askotako jokalariek hartuko dute parte: Suedia, Suitza, Lituania, Kolonbia, Alemania, Frantzia, Estatu Batuak, Irlanda, Herbehereak eta Australiatik etorritako jokalariak egongo dira, Espainiako hainbat tokitatik etorriko direnez gain.

Alkatearen berbetan, “Eibar Arima Galduak taldeak txapelketa hau Eibarrera ekartzea planteatu zigunean, ez genuen zalantzarik izan, batetik, kirol hau ezagutzera emateko aukera oso ona zela ulertu genuelako, eta, bestetik, Eibar 2023ko Kirolaren Europar Hiria izendapenaren helburuekin bat egiten duelako, sari horren bidez beste urrats bat eman nahi baitugu Eibar kirol-jardueraren erreferentziazko toki gisa berresteko bidean”. Bezperako jardunaldian, uztailaren 20an, harrera egingo zaie taldeei, materiala berrikusiko da, zelaiak muntatuko dira eta lagunarteko zenbait partida jokatuko dira.

Mundu mailako txapelketa hau Alemanian, kirol hau sortu zen herrialdean egin ohi da, baina oraingoan lehen aldiz handik kanpora egingo da. Txapelketa hiru faseko lehiaketa gisa planteatzen da: sailkapena, berrantolaketa eta kanporaketak. Egun bakoitzean taldeak hiru instalaziotan banatuko dira. Instalazio bakoitzean sei jugger-zelai egongo dira eta, bertan jokatuko dira partiduak, aldi berean, gero eta paretsuagoak diren norgehiagokak bilatuko dituen sistema bati jarraituz. Barixakuan 10:30etik 14:30era eta 16:00etatik 19:00etara arituko dira; zapatuan, 09:30etik 13:30era eta 15:30etik 18:30era; eta, domekan, 09:30etik 16:00etara. Finala, berriz, 15:30ak inguruan hasiko da.

Juggerra

Juggerra bost jokalariko bi talderen arteko kontaktu-kirol mistoa da, 1990eko hamarkadaren hasieran Alemanian sortutakoa. Funtsean errugbiaren oso antzekoa izan arren, esgrima-elementuak gehitzen ditu, horrela jokalarien arteko kontaktua minimizatuz. Talde bakoitzaren helburua da pilota zelai-erdian eskuratzea eta aurkako eremura eramatea tanto bat markatzeko. Talde bakoitzeko bost jokalarietatik lauk beren aurkariak neutralizatzeko tresnak daramatzate, eta beste jokalariak, korrikalariak, berriz, pilota hartu eta puntua egin dezake. Partidak 40×20 metroko jokaleku batean jokatzen dira, eta 30 minutuko iraupena izaten dute, non puntu bakoitza 10 segundora murriztu daitekeen.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »