Irun-Arrate jardunaldiarekin hasiko da Espainiako Vueltaren 75. edizioa

Irun-Arrate jardunaldiarekin hasiko da Espainiako Vueltaren 75. edizioa
2020/04/29 eta kitto!
Lasterketaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, Espainiako Vueltaren 75. edizioak 18 etapa izango ditu, Irun eta Arrate (Eibar) arteko jardunaldi batekin hasiko da, eta amaiera Madrilen izango da. Lehiaketa noiz izango den, berriz, datorren martitzenean zehaztuko dute.
Gaur bertan eman dute azken orduko aldaketaren berri. Izan ere, 2020ko Vueltaren irteera ofiziala Herbehereetan egitekoa zen, baina hori bertan behera laga behar izan dute, COVID-19ak eragindako munduko osasun-krisiaren ondorioz, eta lasterketa antolatzen duen Unipublic enpresak hasierako hiru etapak (Utrecht eta Brabante eskualdeak zeharkatu behar zituztenak) ez ordezkatzea eta Espainiako itzulia Irun-Arrate etaparekin hastea erabaki du.


2020ko Vuelta abuztuaren 14tik irailaren 6ra bitarterako zegoen aurreikusita, baina osasun larrialdiaren eraginez txirrindularitza egutegia berrantolatu eta planak aldatu behar izan dira.
Gauzak horrela, Vueltaren 75. edizioa “historikoa” izango da, 18 etapa izango dira guztira eta lehena Euskal Autonomia Erkidegoan jokatuko da, ia bost hamarkada geroago.