Euskal Herriko Itzulia atzeratu dute

Euskal Herriko Itzulia atzeratu dute
2020/03/16 17:23
eta kitto!
Azken orduotan hedabideek berria zabaldu eta Julian Eraso zuzendariak ezeztatu ondoren, Itzulia Basque Country txirrindularitza lasterketa atzeratu egin dute. Eibarren hasita apirilaren 6tik 11ra lehiatu behar zen Itzulia, baina koronabirusaren eta honen hedapena saihesteko hartutako neurrien ondorioz, beste data batean egin beharko da. OCETA, lasterketaren antolatzailea, UCIrekin harremanetan jarri da beste data bat zehazteko. Dena den, aurreratu dute 2021ko Itzulia apirilaren 5etik 10era jokatuko dela.

OCETAko presidente Julian Erasok azaldu duenez, “Itzulia Basque Country lasterketaren antolakuntzak ahal izan duen guztia egin du lasterketari eusteko. Kooronabirusaren aurkako osasun protokolo aplikagarria aurkeztu genien agintariei. Oso neurri zorrotzak ziren, sarbideetan antolatzaileei eta txirrindulariei tenperatura kontrolak eginez, zona itxiak etapa bakoitzeko hasieran eta helmugan, zona eta euskarri guztiak desinfektatzea... Hala ere, bizi dugun egoera hain latza denez, eta azken gertaerak ikusita, gure ustez irtenbiderik arduratsuena ekimena atzeratzea da, lasterketako lehiakide guztien, zaleen eta, oro har, gizartearen segurtasunari eusteko. Segurtasuna eta erantzukizuna, beste ezeren gainetik”.

 

IV. CCE Sari Nagusia bertan behera

Eibarko Txirrindulari Elkarteak antolatzen duen IV. CCE Sari Nagusia bertan behera geratu da baita ere. Martxoaren 22an egin behar zen lasterketa, baina ezin izango da data horretan egin alarma egoeraren ondorioz. Antolatzaileak prest daude beste egun batean lasterketa egiteko, txirrindularitza egutegiak eta agintariek ahalbidetzen badute. Bestetik, oraindik ofiziala ez bada ere, Itzuliarekin eta CCE Sari Nagusiarekin gertatu dena ikusita, Valenciaga Oroitzarrea bertan behera uztiko dutela ematen du.