Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloa eta argazki erakusketa aurkeztu dituzte Klub Deportiboan

0    Kirolak 
ETA KITTO ETA KITTO
Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloa eta argazki erakusketa aurkeztu dituzte Klub Deportiboan
ETA KITTO 2020, Aza 25

Gaur arratsaldean aurkeztu dute Cimasub 2020, Eibarko Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloaren 19. edizioa Klub Deportiboan. Aurkezpen ekitaldian Klub Deportiboko ordezkariek, David Sanchez zikloaren zuzendariak eta Jon Iraola Udaleko Ingurumen saileko zinegotziak hartu dute parte eta, azaldu dutenez, Deporreko Urpeko jardueren batzordeak aurten 50 urte bete dituela-eta, hori ospatzeko hainbat jarduera antolatzeko asmoa zuten, baina COVID-19ak eragin duen pandemiaren ondorioz, egoerak behartuta, horietako gehienak bertan behera laga behar izan dituzte. Hala ere, urteetako etenaldia eta gero, eibartarrek berriz ere egin dute bat Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloarekin, 19. edizioa betetzen duen honetan: “Urte asko eman genituen elkarlanean, baina hainbat arrazoi bitarte, 2003az geroztik ez da Itsaspeko Zinemarik antolatu Eibarren, orain arte”.

Elkarlanari berriz heldu diotela-eta, pozik agertu da zikloaren zuzendaria. Bere berbetan, “zikloak helburu bikoitza dauka. Itsas hondoa ezagutzera eman nahi dugu eta, horrekin batera, gizakiak eragindako kalteak eta horren ondorioak erakutsi nahi dizkiogu jendeari, arazoaz jabetu dadin”.

Bertako Urpeko jardueren batzordeak Udalaren laguntzarekin antolatutako zikloan nazioarteko itsaspeko zinemaren inguruko lan onenetariko eta sarituenetariko 27 film labur eta 4 dokumental proiektatuko dituzte, hiru egunetan: abenduaren 9an eta 10ean, 19:00etan eta abenduaren 12an, 18:00etan. Horrez gain, umeentzat Txikiziklo emanaldia eskainiko dute abenduaren 9an, 10:00etan eta familientzat bereziki antolatutako emanaldia, berriz, abenduaren 12an izango da, 11:00etan. Proiekzio guztiak Coliseo antzokian izango dira eta sarrera doan izango da.

Proiekzioekin batera, aurtengo egitarauaren barruan argazki erakusketa ere egingo dute, Topalekuan, azaroaren 27tik abenduaren 13ra bitartean, aurten Cimasub lehiaketara aurkeztu dituzten argazki onenen artean aukeratu dituzten 23 irudirekin. Jarraian daukazue egitarau osoa.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »