Ainhoa Arroitajauregi, musikaria: “Euskarazko abestiak egiteko gogoa dugu”

Ainhoa Arroitajauregi, musikaria: “Euskarazko abestiak egiteko gogoa dugu”
ETA KITTO 2020, Uzt 17

‘Debajo del paraguas’ taldeak kontzertua eskainiko du hilaren 21ean, martitzenean, 22:00etan, Untzagan. Taldea Los40 Euskadiko ‘Cara A’ saioko lehen postuan birritan izan da, eta Cadena Dialen ‘Dejate llevar’ eta Los40-ren ‘Summer Live’ bitan hartu du parte. Ainhoa Arroitajauregi eibartarra da taldearen abeslaria, eta giro ona eta poztasuna ekarriko dute Untzagara.

 

Nolako kontzertua egingo duzue?

Gogo handiz prestatu dugu! Segurtasun neurri guztiak beteta, ahalik eta onena eta normalena izatea nahi dugu, eta jendeak asko gozatu dezala. Taldekide gehienak Bilbon bizi direnez, probintzia arteko muga zabaldu arte ezin izan genuen probasaiorik egin, baina harrezkero denok gogor ekin diogu eta kontzertua normal prestatzen gabiltza.

Eszenatoki gainera bueltatzeko gogoz?

Bai! Demaseko gogoa dugu eszenatokira igo, musika jo eta jendearekin musikaz gozatzeko!

Nola eragin dizue konfinamenduak?

Gogorra izan da, gainerakoentzat bezala. Gogorrena entseatu ezin izana. Hala ere, lanean jarraitu dugu telefono dei eta bideokonferentzia bidez eta kantuak konposatzen jarraitu dugu

Itxialdiaren aurretik ‘Ayer te vi’ singlea aurkeztu zenuten. Zeintzuk dira zuen asmoak orain?

Bai, ‘Ayer te vi’ atera genuen eta laster beste bi kantu berri aurkeztuko ditugu. Gure asmoa kantuak konposatzen eta grabatzen jarraitzea da beste disko bat atera arte.

Nola sortu zitzaizun taldean sartzeko aukera?

Iazko irailean Madrilen bizi nintzen eta Leyrek deitu zidan abeslari berri baten bila zebiltzala esanez. Probak egin behar nituela esan zidan eta ea interesatzen zitzaidan. Azaroan Eibarrera itzuli nintzen beste arrazoi batzuengatik eta aukera ederra zela ikusi nuen eurekin hasi eta taldeko abeslaria izateko.

Nola egokitu zara taldera?

Leyre eta ni ezagutzen ginen, eta horrek erraztu egin zuen prozesua. Koldok eta Jonek ere asko erraztu zuten egokitzapena eta ni taldeko parte sentitzea. Oso lagunak gara eta horrek asko laguntzen du talde moduan jarduteko. Astero gutxienez entsegu bat egiten saiatzen gara, entseguetan oso ondo pasatzen dugu eta gauza berriak sortzen saiatzen gara beti. Beraz, asko gustatzen zaigun prozesua da, musika gure pasioa delako. Ez dugu lan bat bezala ikusten, elkarrekin egon, entseatzen eta oso ondo pasatzen duen lagun taldea baizik.

Taldeari zure ukitu pertsonala emango diozula uste duzu? Nolakoa izango da?

Uste dot asko dudala taldeari emateko, eta baita eurengandik asko ikasteko, baina argi dudan gauza bat da kantuak euskaraz egiten hasiko garela. Euskal musika asko gustatzen zait eta gure hizkuntzan sortzea gustatuko litzaidake. Taldeak ez du euskarazko abestirik eta euskaraz egiteko gogo handia dugu.

Eibarkoa izango da zure lehen zuzenekoa ’Debajo del paraguas’-ekin?

Bai! Nahiko urduri nago, baina gogo handia dut eibartarren harrera ikusteko eta, nola ez, Eibarren jotzeko. Etxean inon baino hobeto!

Zure herrian izanda, berezia izango da, ezta?

Bai, oso berezia. Kontzertua maitasunez prestatzen dihardugu eta oraingo normaltasun berri honetan musika eta artea ezinbestekoak diren gauzak direla uste ditugu. Antolatzen ari diren ekitaldi guztiek harrera ona izatea espero dogu, eta behintzat gurekin gozatzea eta gau polita pasatzea!

Ainhoa Arroitajauregi Debajo del Paraguas Ainhoa Arroitajauregi Debajo del Paraguas1 Ainhoa Arroitajauregi Debajo del Paraguas3 Ainhoa Arroitajauregi Debajo del Paraguas4 Ainhoa Arroitajauregi Debajo del Paraguas6

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »