Aitor Echebarria, musikaria: "Guretzat ametsa da Eibarren kontzertua eskaintzea"

Aitor Echebarria, musikaria: "Guretzat ametsa da Eibarren kontzertua eskaintzea"
2022/05/06 09:59
eta kitto!
Jatorri eibartarra duen Aitor Echebarria kataluniarraren ‘Aitorpenak’ musika taldeak kontzertua eskainiko du hurrengo barixakuan, 22:00etan, Tas Tas tabernan. Hirukoteak (power trio) solid popa ekarriko du Eibarrera, herriarekin lotura estua duen ‘Denbora ez da inoiz gelditzen’ abestia Euskal Herrian aurkezteko.

 

Gogotsu zure Eibar maitatuan kontzertua eskaintzeko?

Ametsa da guretzat. Hiru aldiz jo dut Eibarren, baina bakarlari moduan. Beraz, hau izango da talde moduan bertan egongo garen lehen aldia.

 

‘Power trio-a’ zaretela diozue, baina zer esan nahi du horrek?

Herriari ‘solid pop-a’ eskaintzeko modu bat da. Gitarra elektrikoa, baxu elektrikoa eta bateria bat, hori da ‘power trio-a’.

 

Nolako lana da ‘Denbora ez da inoiz gelditzen’ abestia?

Nerabezaroan ezagutu nuen Eibarri buruz berba egiten duen abestia da. Tabernak, industria, familia... hori guztia oroitzeko balio du. Ez dakit sasoi hartako Eibar gaur egungoa baino hobeagoa edo txarragoa den, baina malenkoniaz begiratzen diot iraganari. Malenkoniaz, baina ez tristuraz, maitasunez baizik. Gai intimista da.

 

Gaiaz gain, abestiaren produkzioak ere Eibarrekin lotura du, ezta?

Eibarri buruz berba egiten dudanez, abestia Eibarren grabatzea aproposa zela ikusten nuen. Horrela, Errebal inguruan dagoen Kitarshokak estudioan grabatu nuen, Aitor Sologaistoarekin. Ekainean beste bi abesti berri argitaratuko ditugunez, guretzat berebizikoa zen Eibarren single hau aurkeztea.

 

Nolako kontzertua eskainiko duzu Tas Tasen?

Ezin ukatu kontzertua Errebal Plazan eskaintzea gustatuko litzaidakeela, baina TasTasen beti eman dizkidate erraztasunak eta pandemia aurretik hil zen Xabi gogoratu nahiko nuke. Gainera, azken urteotan gaizki pasatu duten lokalei bultzada eman behar zaie eta tabernetara itzuli behar gara. Ikusi beharko dugu tabernaren akustika nolakoa den, baina tira, gu gurera. Gure diskografiako abesti arrakastatsuenak joko ditugu eta pop bikaineko ordubeteko kontzertua eskaintzen saiatuko gara.

 

Nolako bidea egin duzue orain arte?

‘Aitorpenak’ proiektuak hamar urte bete ditu. Hasieran sei urtez ibili nintzen bakarka, eta azken lau urteotan hirukotean gabiltza. Musika ez da gure lanbidea, baina denbora asko eskaintzen diogu pasio honi.