Asun Lasarte, Iparragirre 7 laneko zuzendaria “Iparragirreren abestien oso bertsio libreak sortu ditugu”

0    Kultura 
ETA KITTO ETA KITTO
Asun Lasarte, Iparragirre 7 laneko zuzendaria “Iparragirreren abestien oso bertsio libreak sortu ditugu”
ETA KITTO 2020, Aza 24

Jose Maria Iparragirre poeta eta musikariaren jaiotzaren 200. urteurrena ospatzen da aurten eta Morgancreak ‘Iparragirre 7’ lana sortu du omenaldi gisa. Estilo artistiko ezberdina landuz Iparragirreren figura ekarriko dute Coliseora hilaren 25ean, eguaztena, 19:00etan. Carlos Rodriguez eta Asun Lasarte dira lanaren zuzendariak.

 

Nolako ikuskizuna da ‘Iparragirre 7’?

Iparragirreren inguruan lanean hasi ginenean, dokumentazio-lan garrantzitsua egin behar zela ikusi genuen. Carlosek demaseko dokumentazio-lana egin du bibliografia aztertzen eta Iparragirreren inguruan adituak direnak elkarrizketatzen. Hortik abiatuta, Iparragirreren inguruan garrantzitsuenak ziren zazpi kontzertu definitu genituen: lurra, hizkuntza, bihotza, gitarra, plaza eta zuhaitza. Zazpi kontzeptu horrek Iparragirreren zazpi abesti ikonikorekin identifikatu genituen eta garaikidea iruditzen zaigun proiektu anitza prestatu genuen.

 

Nolako proiektua?

Zuzeneko musika, ikus-entzunezkoa, dantza eta errezitatutako testua uztartzen ditugu. Musikaren arloan sei musiko oso ezberdinek hartzen dute parte eta musika tradizionala, inprobisazio librea, musika garaikidea, rocka, aintzinako musika… lantzen dituzte. Belaunaldi ezberdinen eta estiloen arteko nahasketa hori asko gustatu zitzaigun eta, Alberto Lizarraldek zuzenduta, aurretik aipatutako zazpi gaiak landu ditugu inprobisazioa oinarri hartuz. Iparragirren abestien oso bertsio libreak sortu ditugu.

 

Iparragirre gaur egunera ekarri duzue?

Saiatu gara. Gaur egun musika-estilo ezberdinak daude eta, bere iturria errespetatzen saiatuz, bertsioak egin ditugu.

 

Arlo musikalaz gain, zer gehiago ikusiko dugu?

Ikus-entzunezkoa Carlos Rodriguezek landu du Iraia Okina ilustratzailearen marrazkietatik abiatuta. Iparragirreren bizitza eta obra esplikatzen duten testuak jarriko ditugu eta, Amaia Elizaranek dantza egiten duen bitartean, Olatz Beobide aktoreak kontakizun batzuk egingo ditu.

 

Denetarik du ikuskizunak!

Hilabete asko daramatzagu ikuskizuna prestatzen. Gipuzkoako Foru Aldundiak eskainitako babesa eskertu behar dugu, proiektua eurek bultzatu dutelako. Domeka honetan Donostiako San Telmo museoko elizan aurkeztuko dugu lana, gero Eibarrera joango gara eguaztenean eta, azkenik, abenduaren 8an Urretxura goaz, Iparragirreren jaioterrira.

 

Ez duzue ikuskizun gehiago eskainiko?

Proiektua beste toki batzuetara eramateko asmotan gaude. Beraz, programatzaile oro gonbidatzen dugu Donostian, Eibarren eta Urretxun eskainiko ditugun saioetara.

 

Zer du Iparragirrek jaio eta 200 urtera oraindik gogoratua izateko?

Oso pertsona mediatikoa izan da arrazoi ezberdinengatik. Urte askoan atzerrian ibili zen eta horrek lagundu egin zion bere abestiak herrikoiagoak izateko, ahoz aho gaur egunera arte iritsiz. Adibidez, ‘Gernikako arbola’, abestiak Euskal Herrian duen garrantziarekin.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »