Barixakuan zabalduko dute Eibarko Liburu eta Diska Azoka Untzaga plazan

0    Kultura 
ETA KITTO ETA KITTO
Barixakuan zabalduko dute Eibarko Liburu eta Diska Azoka Untzaga plazan
ETA KITTO 2020, Urr 28

Eibarko Udalak eta Euskadiko Liburu Ganbarak antolatuta, barixakuan zabalduko ditu ateak Eibarko Liburu eta Diska Azokak. Azaroaren 8ra arte egunero zabalduko dute, asteburuan 12:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:30era eta astelehenetik barixakura, berriz, 11:30etik 13:30era eta 17:30etik 20:30era (COVID-19 dela-eta, gorabeherak egon daitezke ordutegian).

Euskadiko Liburu Ganbarako Asier Muniategik aurreratu digunez, “betiko moduan, nobedadeak eta aukerako liburuak egongo dira salgai, denak %10eko deskontuarekin. Toti Martinez de Lezearen “Egurra S.A.”, Anton Arriolaren “El diario de Josef Barath”, Jon Arretxeren azkena… Aurreko edizioetan bezala, irakurleen artean ezagunak diren euskal idazleen (Karmele Jaio, Amets Arzallus, Kirmen Uribe, Harkaitz Cano…) lanak erosteko aukera egongo da, baita kanpoko idazle ezagunenak ere”.

Eibarren baino lehen, Bilbon egon dira Liburu Azokarekin eta, Muniategik dioenez, “gaiei begiratuz gero, salduenen artean sukaldaritzaren inguruko liburuak, onddo eta perretxikoei buruzkoak eta historiari zein bidaiei buruzkoak daude. Haur eta gazteen artean, berriz, euren gustoko pertsonaien lanak dira arrakastatsuenak”.

Bestalde, Azokara doan jendearen osasuna zaintzeko, indarrean dauden prebentzio-neurri guztiak hartuko direla azpimarratu dute antolatzaileek.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »