Biharko eta etziko pelikulekin hasiko dira aurtengo Mendi Jardunaldiak

Biharko eta etziko pelikulekin hasiko dira aurtengo Mendi Jardunaldiak
ETA KITTO 2021, Mar 09

Coliseo antzokian bihar eta etzi eskainiko diren proiekzioekin hasiko da Eibarko Klub Deportiboko mendi batzordeak antolatutako Mendi Jardunaldien aurtengo edizioa. Emanaldi biak arratsaldeko 18:30ean hasiko dira eta 5 euroren truke mendiko irudiekin gozatzeko aukera paregabea izango da saio bietan. Sarrerak Coliseoko txarteldegian eta Kutxabank-en bidez eskuratu daitezke. Eskainiko diren pelikulak azken Bilbao Mendifilm Festivalean sari handienak lortu zituztenak dira. Horrela, hilaren 10ean Alemaniako “Metanoia” (23 minutu), AEB-etako “Free as can be” (31 minutu) eta Eslovakiako “Everest – The hard day” (52 minutu) izango dira saioa osatuko dutenak: Kirol eta Abenturazko film onena izendatu zuten lehenengoa, Eskaladako onena bigarrena eta ikusleentzat gustokoena hirugarrena. Hilaren 11n, bestalde, lau minutuko “Charge” kanadiarrarekin hasiko da emanaldia eta, jarraian, Australiatik datorren “Hillary – Ocean” parerik gabeko abenturaz gozatzeko aukera izango da, 106 minutuko iraupena izango duen proiekzioarekin. Azken Mendifilm-eko Sari Nagusia jaso zuen pelikula horrek.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »