Eibarko Koro Gazteak kontzertua eskainiko du uztailaren 9an Txaltxa Zelaian

0    Kultura 
ETA KITTO ETA KITTO
Eibarko Koro Gazteak kontzertua eskainiko du uztailaren 9an Txaltxa Zelaian
ETA KITTO 2021, Eka 30

Ikuskizuna uztailaren 9an egingo da, 21:30ean hasita. Ezohiko ikasturtea izan da Eibarko Koro Gaztearentzat eta bide horretatik jarraitu dute barixakuko gaua girotuko duen ikuskizuna prestatzeko. Sasoiak horrela eskatuta, kontzertu bizi, dinamiko eta freskoa izango da, herriko artista gazteek duten mailaren erakusgarri.

 

Eibarko Koro Gazteak “amaiera polita” eman nahi dio ikasturteari, Elena Martin zuzendariak esan digunaren arabera. Horretarako, normalean egiten dutena aldatuz, aire librean eskainiko dute ikuskizuna, Txaltxa Zelaiko kioskoan. “Eguraldia lagun izatea espero dugu”, esan digu zuzendariak.

Ikasturte amaierako kontzertuak Coliseo antzokian eskaini izan dituzte normalean, “baina Udalak Txaltxa Zelaian egitea proposatu zigun eta ideia ona iruditu zitzaigun uztaileko barixaku gau batean abestea”, diosku Martinek. “Konfort gunetik irteteko balio izan digu”, gehitzen du.

Toki aldaketak euren jarduna pixka bat moldatu du. Izan ere, toki berriak eskaintzen dituen ezaugarrietara moldatu behar izan dira (akustika, eta abar). “Hasieran ez genekien ondo zelan egin, nola moldatu, baina poliki-poliki prestatzen joan gara eta orain oso mentalizatuta gaude, gogotsu”, Martinek dioenez.

Ikuskizuna prestatzeko azken entseguekin dabiltza Koro Gaztekoak. Aurten, bizitzako arlo gehienak bezala, pandemiak asko baldintzatu du abesbatzaren entseguen kontua eta, era berea, horrek asko baldintzatuko du ikuskizuna. “Taldeko bat edo beste konfinatuta egon delako, talde txikietan ibili behar izan garelako edo dena delakoarengatik, ezohiko entseguak egin ditugu aurten”, dio zuzendariak. “Horrela, uztaileko kontzertuan bakarlari asko, bikoteak, laukoteak… izango dira. Talde guztiak elkarrekin lau kanta besterik ez ditu abestuko”, azaltzen du.

Eibarko Koro Gaztea

Errepertorio heterogeneoa

Elena Martinek esan digunaren arabera, “kontzertu freskoa eta dinamikoa izango da, ondo pasatzeko modukoa”. Txaltxa Zelaiko ikuskizunean pop doinuak izango dira nagusi, baina 20 abestiko errepertorioan mota askotako musikarien lanak kantatuko dituzte Koro Gaztekoek: ‘My way’, ‘Gernika’, ‘River deep mountain high’, ‘Por la boca vive el pez’, ‘Close’, ‘Zuen eguzkia’, ‘Never enough’, ‘Eman dena’, ‘On my own’, ‘Eta azken haserak’, ‘Just like you’ eta ‘Ni tu ni nadie’, besteak beste. “Errepertorio heterogeneoa da”, zuzendariaren ustez.

Ikusi daitekeen bezala, errepertorioko abesti gehienak bertsioak dira (Frank Sinatrarenak, Ken Zazpirenak, Whitney Houstonenak…), baina badira kantu bi oso bereziak: Jürgen Landa Koro Gazteko kideak sortu dituen ‘Bizitzarena’ eta ‘Denborari’.

Zuzendariak esandakoari jarraituz eta uztaileko barixaku bateko gauari freskotasuna emateko, Koro Gazteak hiru musikariren laguntza izango du eszenatoki gainean. Horrela, Alex Daviesek (baxua), Josu Cascanek (bateria) eta Egoitz San Martinezek (gitarra elektrikoa) erritmoa jarriko diete abesbatzako lagunen ahotsei.

Eibarko Koro Gaztea1

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »