Jokin Oregi, antzerki zuzendaria: “Belaunaldi ezberdinek gauza berarekin gozatzea garrantzitsua da”

Jokin Oregi, antzerki zuzendaria: “Belaunaldi ezberdinek gauza berarekin gozatzea garrantzitsua da”
ETA KITTO 2020, Mar 06

Marie De Jongh antzerki konpainiak ‘Ikimilikiliklik’ taularatuko du bihar, 17:00etan, Coliseoan. Jokin Oregi soraluzetarrak zuzentzen duen antzezlana da eta Ekhiren istorioa kontatzen du. Ekhik txikitan sorginei beldurra zien, baina azkenean sorgin bihurtzen da. Haur eta helduei zuzenduriko lana da, Marie De Jonghek hain ondo lantzen duen erregistroan kontatuta.

 

– Orain dela hilabete eta erdi estreinatu zenuten ‘Ikimilikiliklik’. Nola bizi dituzue hasierako momentuak?

Zirrara handiarekin. Antzezlan bat eskaintzeak erditzearekin zerikusia du nolabait. Emakumeek barkatuko didate, agian konparaketa ez delako egokiena, baina ulertzen dela uste dut. Hustutze bat dago eta biluztu egiten zara. Zure onenak eman nahi dituzu eta krisi postraumatiko bat egon daiteke, bat-batean zure haurra besteen eskuetan uzten duzulako eta ez dakizulako zer irudituko zaien eta nola erabiliko duten. Jendeak zuk sortutakoa gustora hartzea nahi duzu, ikusleekin emozio batzuk eta mundua ikusteko modu bat partekatzen dituzulako. Gustoko badute, munduan bakarrik ez zaudela sentitzen duzu, zuk bezala sentitzen duen jendea dagoela. Gustatzen bazaie, babestuago sentitzen zara; baina ez bazaie gustatzen, ahul.

– Marie De Jonghekin egindako antzezlanetan ez dituzue berbarik erabili orain arte, baina oraingoan bai. Zergatik?

Ez diogu ezeri uko egiten. Gauzak modu interesgarrienean kontatzen saiatzen gara eta kasu honetan berbak behar genituen. ‘Amour’ eta ‘Izar’ antzezlanetan maskarak erabili genituen eta, orduan, erabilera horren inguruan galdetzen ziguten. Istorioak horrela eskatzen zuen eta hori zen istorioa kontatzeko modurik egokiena. Oraingoan, arrazoi beragatik erabiltzen dugu hitza.

– Beldurraren hausnarketa egiten da antzezlanean. Nola?

Asko kostatzen zait antzezlanaren gaia oso garbi zein den esatea, obra batean gai asko jorratzen direlako. ‘Ikimilikiliklik’ lanean beldurra gai bat da, sorginen inguruko istorioa delako. Ekhi protagonistak esaten du txikitan gauza askori ziela beldurra, batez ere sorginei, baina obran zehar ikusten dugu nola bihurtu zen sorgin. Umeak beldurrez josita daude, baina helduak ere bai. Azken finean, beldurra gure parte da.

– Beraz, antzezlana haur eta helduei zuzentzen zaie?

Haur eta helduentzako obrak egiten saiatzen gara. Ez da erreza, gauza batzuk helduentzat umekeriak izan daitezkelako eta, aldi berean, ulergaitzak umeentzat. Neurria hartzen saiatzen gara eta ondo egiten dugula esan digute. Guretzat garrantzitsua da belaunaldi ezberdinek gauza berarekin eta aldi berean gozatzea.

– Zuretzat berezia izango da Eibarko Antzerki Jardunaldietan aritzea?

Niretzat beti da berezia jaialdi honetan parte hartzea. 16 urte nituenean, Elgoibarko institutuan nengoela, Narruzko Zezenek antolatutako idazlan lehiaketa irabazi nuen eta gaia antzerkia zen. Sasoi hartan ez nuen antzerkiarekin inolako loturarik, antzerki gutxi ikusi nuen ordurako. Juan Ortegak askotan komentatu du brometan, “Jokin gurekin hasi zen” (barreak).

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »