Maite Arrese, ipuin kontalaria: “Biolinaren soinuarekin ipuina lehenago iristen da bihotzera”

Maite Arrese, ipuin kontalaria: “Biolinaren soinuarekin ipuina lehenago iristen da bihotzera”
2019/04/12 09:30
eta kitto!
Maite Arrese ipuin kontalaria eta Mau Ziemkiewicz biolin-jolea da dira ‘Emakume eskeletoak’, eta ‘Basatiaren mintzoa’ izeneko saioa eskainiko dute hilaren 24an 19:00etan liburutegian, hilaren 23an ospatuko den Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira. Helduentzako ipuin musikatuak kontatuko dituzte Arrese eta Ziemkiewiczek.

 

- Nolako saioa eskainiko duzue?

Sei ipuin kontatuko ditugu, hiru euskeraz eta beste hiru gazteleraz. Liburutegikoek horrela eskatu digute, normalean euskeraz bakarrik egiten dugulako. Euskerazko ipuinetatik bi euskal kondaira zaharrei buruzkoak izango dira, euskal mitologiarekin zerikusia dutenak. Gainerako lauak Clarissa Pinkola Estesek idatzitako ‘Otsoekin dabiltzan emakumeak’ ateratako ipuinak izango dira, emakumearen ahotsa ahalduntze aldera. Dena dela, Mauk eta biok gure bertsioa eskaintzen dugu. 4-5 urte daramatzagu elkarrekin lanean eta oso gustora gaude. Gainera, pozik irten gara emanaldi bakoitzetik, jendeari ipuinak gustatzen zaizkiola eta barrenera heltzen zaizkiela ikusten dugulako.

- Nora arte sartzen duzue eskua ipuinak zeure egiteko?

Eskua sartzen dugu, garbi dago (barreak). Baina uste dut hori dela ipuin kontalariaren aportazioa. Ipuina geure egitea eta gure erara kontatzea, hau da, gure bertsioa eskaintzea.

- Zuen kasuan, gainera, musikarekin. Musikak balio erantsia ematen dio ipuin kontaketari?

Musikaren aportazioa ezinbestekoa da. Ipuinetan hitzek dute garrantzia, baina musikak laguntza handia ematen du emozioa bideratzeko. Biolinaren soinuarekin eramangarriagoa egiten da ipuinaren transmisioa. Ipuina edertzen du, apaindu, eta lehenago heltzen da bihotzera.

- Ipuin kontaketak umeekin lotzen dira sarritan, baina zuena helduei zuzenduta dago. Umeentzat edo helduentzat izan, kontatzeko modua aldatu egiten da?

Zeozer bai, baina ez hainbeste. Heldu askok uste du ipuinak umeentzako bakarrik direla, baina ez da horrela. “Kasualitatez ikusi dut eta ez nekien hain gustora egongo eta hainbeste emozionatuko nintzenik, horrelako bidaia egin nezakeenik”, esan izan digute. Saio txikiak izaten dira, intimoak, publikoa bertatik bertara dago eta hasieran ez du ematen beste munduko ezer izango denik, baina gero konturatzen zara baietz, zure barrenetik bidaia egin duzula.

- Helduek barreneko kateak askatu eta umeek bezala gozatzen dute ipuin kontaketetan?

Hori da! Aurreiritzi asko dago eta helduak gure buru estrukturatu eta karratuekin joaten gara ipuin kontaketak entzutera, eta gero sorpresa hartzen dugu.

- Gomendiorik emango zenioke ikuskizuna ikusi nahi duenari?

Zalantzak dituenari esango nioke dudarik ez edukitzeko, etortzeko eta kitto. Gustora egongo gara eta ipuinekin beti ikasten da zerbait. Gure barrenean zerbait pasatuko da, ipuinek indar handia dutelako.