Marina Perosanz, zinegilea: “’Muskil’ hitz gutxirekin egindako pelikula da”

Marina Perosanz, zinegilea: “’Muskil’ hitz gutxirekin egindako pelikula da”
2023/03/24 11:43
eta kitto!
Marina Perosanz eibartarra Ikus-Entzunezko Komunikazioko ikaslea da Mondragon Unibertsitatean eta ‘Muskil’ izeneko lana zuzendu du, ikaskideekin batera egindako laburmetraia. Maila handiko lana egin dute ikasleek eta aurtengo Laburbiran parte hartzeko aukeratu dute.

Laburbira euskarazko film laburren zirkuitu ibiltariak 32 herritan egongo da zazpi film labur emateko, tartean ‘Muskil’, eta Eibarren egongo ez diren arren, Ermuan ikusteko aukera izango ditugu hilaren 30ean, 20:00etan, Ermua Antzokian.

 

Nolako lana da ‘Muskil’?

Genero indarkeriari buruzko film laburra da. Arazo hau adineko pertsonen testuingurura eraman dugu. Izan ere, genero indarkeriaz pentsatzen dugunean ez dugu testuinguru horretan irudikatzen eta interesgarria iruditu zitzaigun gaiari hortik heltzea. Horrez gain, istorioa baserri batetan kokatu genuen, uste dugulako baserri baten areagotu egiten dela genero indarkeriaren isiltasun hori. Horri gehitzen badiogu adineko pertsonak izanda isiltasunean hezi direla, hau da, isilik egotea hobe dela erakutsi dieten pertsonak direla, ba hori da ‘Muskil’. Hori erakutsi nahi genuenez, hitz gutxirekin egindako pelikula da.

Gainera, iraganera egin duzue salto, ezta?

Bai, 80. hamarkadan dago kokatuta. Izan ere, genero indarkeria telebistan salatu zuten lehen aldia 80. hamarkadan izan zen eta interesgarria iruditzen zitzaigun istorioa data hori baino lehenago kokatzea.

Unibertsitaterako egindako lana da, baina non izan du abiapuntua?

Filmaren gidoia ere unibertsitaterako lan bat egiteko sortua izan zen. Iazko kurtsoaren erdia gidoia egiteko erabili genuen eta beste erdia film laburra egiteko, baina kurtsoaren lehenengo erdian ez nintzen egon, Belgikan bainengoen. Orduan, beste ikaskide baten gidoia irakurri nuen eta gustatu egin zitzaidan. Gidoia eskaini ahal izango zidan eskatu nion, genero indarkeriaren gaia adinekoen testuinguruan lantzen zuelako eta gustatzen zitzaidalako, eta laga egin zidan. Beraz, moldatu egin genuen eta ‘Muskil’ jaio zen.

Gidoia film bihurtzeko nolako lana egin behar izan duzue?

Lan gogorra izan da. Lana taldean egin dugu, baina zerbait zerotik hastea eta, gainera, guretzat lehen film laburra izanda, ez genekien oso ondo nondik jo. Baina beno, atera da.

Zuzendari bezala nolako lanak egin behar izan dituzu?

Pelikulan parte hartu duten kideak antolatu behar izan ditut eta euren arteko lana amankomunean jarri, aktoreak zuzendu... Azken finean, azkeneko hitza nik eduki dut. Lehenengo esperientzia izateko, demaseko ardura sentitu dut.

Iñake Irastorza, Jose Ramon Soroiz eta Miren Arrieta aktoreek hartu dute parte pelikulan. Nola iritsi zineten eurengana?

Istorioa sortzerakoan Euskal Aktoreen Batasunaren webgunean sartu nintzen eta pelikularako casting perfektua edukitzeko aktoreen zerrenda egin nuen, eta hain zuzen ere Iñake Irastorza, Jose Ramon Soroiz eta Miren Arrieta izan ziren gure lehen aukerak. Demaseko zortea izan genuen. Ikasleak izanda errazagoa da eurengana heltzea, egia esan.

Nolako tratua izan duzue eurekin?

Oso ibilbide luzeko aktoreak dira eta tratua oso erraza izan da eurekin. Gainera, momentu horretan Jose Ramon Soroiz eta Miren Arrieta elkarrekin zenbiltzan antzezlan batean eta askoz errazagoa izan zen dena.

Pelikulak unibertsitateko paretak gainditu ditu. Nola sortu da aukera?

Taldekide batek Laburbiran parte hartzea proposatu zuen eta animatu egin ginen, 20 minutuko film bat nahiko luzea dela jakinda. Baina tira, aukeratu egin gintuzten eta orain bueltaka dabil filma.

Ermuan erakutsiko duzue lana. Eibarren izateko aukera izango duzue?

Ermukoa berezia izango da, kuadrillakoak joango baitira. Eibarren, ostera, oraindik ez da ikusgai egongo, baina agian Asier Errasti Jaialdira aurkeztuko gara eta, hartzen badute, ikusi ahal izango da.

Fikziozko lanarekin hasi duzu zuzendari ibilbidea, baina ikus-entzunezkoetan nolako bidea egitea gustatuko litzaizuke?

Fikzioa egitea gustatuko litzaidake, baina ikusi beharko da lana dagoen ala ez. Aurten, adibidez, Irun eta Hendaia arteko mugan dabiltzan iragaitzazko migratzaileei buruzko dokumentala egingo dugu gradu bukaerako lanerako.