Nerea Gomez (`Dando el Cante´ antzezlaneko aktore eibartarra): "Norberaren herrian jarduteak presioa sortzen du”

Nerea Gomez (`Dando el Cante´ antzezlaneko aktore eibartarra): "Norberaren herrian jarduteak presioa sortzen du”
2019/09/24 eta kitto!
Nerea Gomez Madrilen bizi den aktore eibartarra Coliseo Antzokian izango da irailaren 28an Iker Vesga eibartarrak sortutako Dando el cante antzezlanarekin. Iaz estreinatu zuen Madrilen, La Escalera de Jacob antzokian eta oso kiritika onak izan ditu urte honetan zehar. Nerea Gomez “La Nere” da monologo honetan eta denetarik egiten du (antzeztu, abestu…). Umorerik ez da falta.

- Astebete barru etxean ikusiko zaitugu, Coliseo antzokian. Nola zaude?
Giputxitour-arekin hasiko gara laster. Irailaren 27an Andoaingo gaztetxean egongo gara eta zapatuan (irailak 28) Coliseoan. Ilusio handia daukat nire etxean antzeztuko dudalako, baina aldi berean oso urduri nago. Hor egongo dira familiakoak, lagunak, Narruzko Zezeneko taldekideak… Nahi eta nahi ez, norberaren herrian jarduteak presioa sortzen du.

- Publikoaren erantzuna ezin hobea izan da Madrilen.
Ondo pasatzeko tartea eskaintzen duen lana da eta publikoak barre asko egiten du. Jendeak ondo pasatuko du eta eibartarrek oso ondo ulertuko dituen pasadizoak egongo dira.

- Coliseoan antzeztu duzu inoiz?
Ez, lehen aldia izango da. Urte asko daramatzat Madrilen, eta Narruzko Zezenekin nengoenean Unibertsitate Laboralean antzezten genuen.

- Sarritan etortzen zara Eibarrera?
Ez pentsa. Asteburuetan normalean funtzioak izaten ditut eta konplikatua izaten da. Hala ere, aukera dudan guztietan familia ikustera joaten naiz. Udan bertan egon naiz.

- 18 urte inguru Eibartik kanpo. Zure ametsak bete dituzu?
Kasualitatez etorri nintzen Madrilera eta hemen geratu nintzen. Nire ametsak bete egin diren? Ba… horretan nabil. Baina mundu konplikatua da. Aurten oso ondo joan zaigu “Dando el cante”rekin. Azaroan estreinatu genuen eta urte osoan lanean egon gara. Proiektu hau aspalditik neukan buruan, eta espero nuena baino hobeto funtzionatu du. Oso kritika onak izan ditu.

- Libanon ere egon zarete “Dando el Cante”rekin.
Emakumezkoen monologoen jaialdian izan ginen Libanon, eta sekulako esperientzia izan da. Kultura erabat desberdina da eta emakumeentzako horrelako jaialdi bat antolatzea aurrerapausu handia da. Testu onenarentzako saria eskuratu genuen.

- Gidoia beste eibartar batena da, Iker Vesgarena.
Iker Garcia Vesga betiko laguna da eta Narruzko Zezeneko taldekidea. Bartzelonan bizi da gaur egun. Ez da idaztera dedikatzen, baina berezko talentua dauka eta urte mordoa eman ditut bere atzetik gidoia eskatzen. Argi nuen berak idatzi behar zuela. Egin duen testua zoragarria da. Komedia, antzerkia, umoredun abestiak… Pailazokeriak dira nagusi, baina emakumearen irudia aldarrikatzen dugu, batez ere gizartearen konbentzioetatik kanpo dagoen emakumearena. “La Nere” da komedia musikal honen pertsonaia nagusia eta bere abenturak kontatzen dira bertan. Bere bizitzako helburu nagusia abeslaria izatea da, musikari profesionala izatea, eta musikaren mundu konplikatuan bizi duen bidaia kontatzen dugu bertan.